Saltatu nabigazioa

5.4.3.2.- Zubieta jauregia

Zubieta jauregia (argazkia) Ispasterko elizatearen jurisdikziopean dagoen arren, Lekeitioko lurrek inguratzen dute, eta bere sarreretako bat Atean dago, hiribilduaren amaieran. Yarza familiarena izan da betidanik, eta hasieran Leako ibilbidea eta Arropaingo itsasadarra kontrolatzen zuen dorretxea izan zen. Jauregia hiribilduaren jurisdikziotik salbuetsita egotea leinuaren nagusitasunaren seinale da, 1624. urtean Gernikako Batzarrean irabazitako auzi baten ondorioz lortutako neurria baita.

Erdi Aroan, landa munduko dorretxe gehienak bezala funtzio militarra izateaz aparte, nekazaritza eta abeltzaintza ustiategia izan zen. Horrez gain, gertu zituen hainbat burdinola ere, leinuaren basoetako zuraz hornitzen zirenak. 

Mendeetan zehar hainbat eraldaketa arkitektoniko jasan zituen dorretxeak. XVII. menderako aldatuta zegoen hein handi batean, jada, jauregi bezala izendatzen baita. Garai hartako ondasunen zerrenda bati esker, badakigu otoitz leku bat zuela eta etxea altzari eta apaingarri dotoreekin jantzita zegoela. Horrek guztiak ordurako Gaztelako gortearekin geroz eta lotura estuagoak zituen Zubietako leinuaren bizi maila eta aberastasunaren berri ematen digu. Alabaina, antza, ez zen nahiko izan yarzatarrentzat, handik gutxira jauregi hori bota eta berria egitea erabaki baitzuten. 

1716an, Miguel Velez Larreak eta Josefa Jacinta Adan de Yarzak aurreko eraikina eraitsi eta egungo jauregia egitea agindu zuten. 1728an amaitu ziren obrak fatxada nagusian San Migelen irudia ezarri ondoren (argazkia). Hainbatek jardun zuten jauregi berriaren eraikuntzan, horien artean izen esanguratsu asko. Azpimarragarrienak, Martin Zaldua, arkitekto nagusitzat jo izan dena; Andres Basabe, Martin Malaxbeitia eta Domingo Abaria harginak, azken hori apaingarri eta armarriak egin zituena; Andres Monasterio Cueto eskultorea, San Migelen irudia egin zuena; Jose Mekolalde zurgina; Juan Barrenetxea Beratua, Pedro Larrina eta Francisco Barbarias, teilatu egiteaz arduratu zirenak; Juan Abarua Barrena igeltseroa; edota Antonio eta Gaspar Amezua aita-seme errementariak. Eraikinaren diseinatzailea oraingoz ez dugu ezagutzen. Hala ere, badirudi Madrilen diseinatu zela, eta Churringuera familiako kideren bat izan zela arduraduna.

Tipologiari dagokionez, Bizkaian ezohikoa den eredu batekoa dugu Zubieta jauregia, bai fatxadaren eraketa eskemagatik –alboetan bi dorre dituen errektangulua–, bai barne patioa duen oinplano karratuagatik. Gainera, bi ezaugarri horiek eraikin bakarrean batuta agertzeak are bitxiagoa bihurtzen du jauregia. Gure lurralde osoan, Zarautzen baino ez dugu aurkitzen berezitasun bi horiek biltzen dituen beste jauregi bat, 1740koa. Hortaz, esan dezakegu, Bizkaiko lurraldean, barroko garaiko jauregi ederrenetako eta garrantzizkoenetako bat izateaz gain, berezienetakoa ere badela.

Esan bezala, erdian hutsune bat duen masa karratu erraldoi bat da eraikina. Fatxada nagusia (argazkia) errektanguluen konbinazio bat da, erdikoa horizontala eta aldamenetakoak bertikalak –dorreak–. Izan ere, Zubietak duen konposizioa horizontaltasun eta bertikaltasunaren arteko joko bat da. Fatxada nagusi horrek hainbat bao ditu, beheko solairukoak leihoak dira eta goiko solairukoak balkoiak. San Migelen irudia nabarmentzen da erdi-erdian, aldamenetan, ordea, leinuaren armarriak ageri dira. Gainerako fatxadak sinpleagoak dira.

Barrualdea, oro har, XVIII. mendeko berbera da oraindik, nahiz eta 36ko gerran hainbat altzari eta apaingarri desagertu ziren. Aipagarrienak egongela nagusian, sukaldean eta beste gela batean dauden tximiniak dira, Ereñoko marmolez eginak. Horiez gain, ia etxe guztia egurrezkoa da. Hain zuzen, eraikinaren bikaintasuna berau egiteko erabili ziren kalitate oneneko materialen ondorio da.

Jauregia eta bere lurrak harresi batez inguratuta daude, eta harresi horrek bi ate ditu. Arestian aipatu dugun Ateako sarreraz gain, errepidera ematen duen beste bat du, fatxada nagusiarekin aurrez aurre. Horrez gain, lorategi zabala du. XIX. mendean, Carlos Adan Yarzak zuhaitz eta landare exotikoak hazi zituen bertan, horien artean Bizkaiko lehen Pinus radiata.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia