1932an Kataluniak lortu antzera, euskal lurraldeek ere estatutu bat lortzeko hamaika saiakera egin zituzten. Hala ere, estatutua ez zen indarrean jarri 1936ko urriaren 6ra arte. Altxatuek Donostia bereganatu zutenean, Frente Popularraren gobernuak EAJ erakartzeko, berehala estatutu bat onartzearen alde egin zuen. Horrela, Euskadiko lurralde autonomoa sortu zen Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. Nahiz eta, benetan, Bizkaian eta Gipuzkoa mendebaldean baino ez zen indarrean jarri, beste lurraldea altxatuen eskuetan baitzegoen. Lurralde autonomo berriak bere gobernu eta parlamentua zituen eta baita eskumen zabal batzuk ere: defentsa, ogasuna, propaganda, hezkuntza, ordena publikoa eta abar.
Gerra egoera izanik, ezinezkoa zen hauteskundeak deitzea, eta beraz, herrietako zinegotziek Gernikako Batzarretxean Jose Antonio Agirre jeltzalea izendatu zuten lehendakari. Agirrek berehala osatu zuen gobernua, eta nahiz eta ministerio garrantzitsuenak, horien artean defentsakoa, jeltzaleen esku gelditu, Frente Popularreko alderdiak ere gobernuan sartu ziren: garrantzitsuenak PSOE, EAE-ANV eta Euskadiko Alderdi Komunista.
Eusko Jaurlaritzan EAJk zuen hegemonia argi gelditu zen hartutako neurriei erreparatzen badiegu. Erlijio askatasuna bermatu zen eta elizgizonen segurtasuna, ordena publikoa mantentzeko Ertzaintza sortu zen, presoak ohiko jurisdikziopean mantendu ziren, eta jabetza pribatua babesteko neurriak hartu ziren. Horrez gain, euskararen koofizialtasuna ezarri zen eta euskaldunen nazio izaera bultzatu zen. Horren guztiaren ondorioz, Errepublikaren gainerako lurraldeen aldean ezberdintasun nabariak egon ziren Eusko Jaurlaritzak kontrolatutako eremuan. Eliza Katolikoa errespetatu egin zen, ez zen iraultza sozialik egon, ezta checa edo salbuespen judizialik ere. Hori dela eta, historialari batzuek “euskal oasi” kontzeptua erabili izan dute.
Baina behin gobernua eratuta, Eusko Gudarostea eratzeko lanek hartu zuten lehentasuna. Irailaren 25ean eratu zen, eta Agirre lehendakariaren eta EAJren aginduen menpe geratu zen. Esteban Urkiaga, Lauaxetak zuzenduriko Bidarteko egoitzan milaka gudari trebatu zituzten, gehienak inoiz armarik hartu gabeko herritar xumeak. Lehen batailoiari Arana Goiri jarri zioten izena, eta horretaz gain, EAJko beste 24, PSOE eta UGTko hamaika, JSUko bederatzi, EPK-PCEko zortzi, CNTko zazpi, EAE-ANVko lau, Jagi-Jagiko bi eta ELA-STVko bat zeuden, besteak beste.
Lurreko batailoiez gain, abiazio txiki bat eta arrantza ontziz osatutako ontzidi txiki bat izan ziren Eusko Gudarostearen indar bakarrak. Altxatuek ordea, iparraldeko frontean gizon kopuruan antzera ibili arren, abiazio indartsua zuten –Italia faxista eta Alemania nazionalsozialistaren laguntzarekin– eta artilleria, gurdi blindatu eta ontzi modernoak.
Eusko Jaurlaritza sortu zenetik, hilabete gutxi batzuk baino ez zituen iraun Bizkaiak bere esku. Bilbo babesteko Burdin Hesia eraikitzen hasi ziren, baina altxatuen indarrak gutxika lurraldea bereganatuz joan ziren, harik eta ekainaren 19an hiriburua hartu zuten arte. Egun gutxi batzuk geroago, Bizkaia osoa altxatuen esku geratu zen.