Saltatu nabigazioa

9.1.2.2.- Izen-morfologia

  1. Soziatibo singularrean -gaz eta pluralean -kin daukagu: bilddurrágas (40), orréas (78), fiñáas (104), arekin kantákin (105), argijákin (100), farolákin (100). Hau Bizkaiko ekialdeko eta Deba ibarreko ezaugarria da. Bizkaiko mendebaldean soziatibo pluralean -kaz.

  2. Destinatibo singularrean eta pluralean -entzako edo -entzat erabiltzen dira eta azentuaren bidez bereizten dira: txakurrentzáko eta txakurréntzat (plurala) / txakurrentzako eta txakurrentzat (singularra).

  3. Ergatibo plurala eta ergatibo singularra berdinak dira, eta azentuak bereizten ditu: bestiak (78) (ergatibo singularra), bestíak (56) (ergatibo plurala). Hala ere, berba a-rekin amaitzen bada singularrean a + a > ia gertatzen denez bereizi egiten diru: kártak (ergatibo plurala) / kartiak (ergatibo singularra).

  4. Datiboarekin ere gauza bera gertatzen da, azentuak bereizten ditu plurala eta singularra: txakurrári (datibo plurala) / txakurrarí (81) (datibo singularra). Hala ere, berba a-rekin amaitzen bada singularrean a + a > ia gertatzen denez bereizi egiten diru: kartári (datibo plurala) / kartiari (datibo singularra).

  5. Genitibo plurala eta singularra ere berdinak dira eta azentuak bereizten ditu: arótzen (genitibo plurala) eta arotzén (83) (genitibo singularra). Hala ere, berba a-rekin amaitzen bada singularrean a + a > ia gertatzen denez bereizi egiten dira: kárten (ergatibo plurala) / kartien (ergatibo singularra).

  6. Hurbiltze adlatiboan Bizkaiko sortaldeko -rutz forma dugu: talárutz (94), arutz (95). Muga adlatiboan -raiño erabili ordez, erdararen eraginez ziurrenik, geihenetan -ra arte erabiltzen da. Hala ere, transkripzioan kontradibide bat dago: kaleraiño (34)

  7. Instrumentala ia ihartuta dagoela esan daiteke. Berba gutxi batzuetan baino ez da erabiltzen: burus ikasi, burus behera salta, eskus eiñ, oñes etorri, trabes ekarri, tatarres eruan. Hizkuntzekin, ordea, ez dago ihartuta eta erabiltzen da: frantzeses, euskéras, alemanes... Hala ere, euskara batuaren eraginez, gazteenak beste eremu batzuetan ere hasi dira erabiltzen: autobuses, kótxes, bárkos (zaharragoen autobusian, kotxían, barkúan-en ordez). Izan ere, soziatiboa eta inesiboa erabiltzen dira instrumentalaren ordez.

  8. Mendebaleko ezaugarria den artikulu hurbila dago: gáusok (88), txakurrori (39) gixonori (57), katuori (114), emakumiori (125), tuertióri (126), ka[x]oiori (133). Ezaugarri hau zaharrenetan nahiko emankorra den arren, gazteek ez dute askorik erabiltzen.

  9. Erakusleek forma bera dute singularrean eta pluralean eta azentuaren bidez bereizten dituzte Hona hemen, hurrenez hurren, singularrak eta pluralak: onek señeruuk / ónek señerúuk (99), arek beste jibosuak (64-65)/ árek beste jibosúak. -(t)xe atzizkia erabiltzen da erakusleak indartzeko: aixe (44) áretxek (44), auxe (68), orixe (86), aretxek (140).

  10. Izenordain indartuak neu sailekoak dira: geure (8), neu (68), neuri (91).

  11. Mendebaldeko gainerako tokietan bezala, “edo + izenordain galdetzailea” egiturako izenordain sail osoa erabiltzen dute:  edonor, edonúndik, edonora, edonorentzako, edono(re)k, edosélan, edoseáitxik, edonorutz... Hala ere, edozer eta edozein berbek mendebala baino eremu zabalagoa hartzen dute.

  12. “Izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea” egiturako sail osoa darabilte: nonor, nonos, nonok, nonora, nonoáitxik, nonona, seoser, seoserena, seoseáitxik, seosetako... Ezaugarri hau ez da mendebal osora zabaltzen, Deba ibarrean noizonoiz, nunonun eta nonora berbak bakarrik daude. Zeozer, berriz, Euskal Herri osoko berba da.

  13. Gaztelaniazko maileguetan -(c)ion > -siño bilakaera dago: telebisiñorik (3). Transkripzioko adibidean ikusten den bezala, berba berrietan ere emankorra da arau hau.

  14. Ia mendebal osoan bezala, aditz-izena eman, utzi edo mugimenduzko aditzen osagarria denean eta norabidea edo helburua adierazten duenean zertan kasua dago (eta ez ekialdeko zertara): ogija erosten jun nas, telebisiñoia amataten etorri da ama.

  15. -txu txikigarria dago (eta ez erdialdeko -txo): sakutxúutan (44).

  16. Mailegu batzuetan generoa bereizten da: tontúa/tontía, guapúa/guapía, majúa/majía. Hala ere, analogiaz euskal berba batzuetan ere bereizi egiten da Lekeition: drogoso/drogosa, gixá[x]o/gixá[x]a, sintzórgo/sintzórga, txilibrísto/txilibrísta...

  17. Gaztelaniazko maileguetan -on > -o(i) bilakaera dugu. Bilakaera hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gertatzen da. Hona hemen adibide batzuk: ka[x]oia (131), baloia, takoia, kondoia, balkoia. Artikulu barik agertzen badira -o hutsa baino ez daukate: ka[x]o, balo, kondo, tako, balko. Hau, hala ere, euskal berbetan ere gertatzen da: sasoia/saso, morroia/morro.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia