Aurreko atalean ikusi dugu moduan, II. mendea izan zen erromatarren aldi oparoena gure zonalde honetan. Meategien ustiaketak, metalgintzak, arrain industriak eta merkataritzak garrantzia hartu zuten, eta horrek hirien garapena ekarri zuen. Testuinguru horretan, Lekeitioko kokaleku erromatarrak funtzio estrategikoa bete zuen Kantauriko itsas bideen sarean.
Bizkaiko kostaldean hainbat aurkikuntza egin dira azken urteetan, Forua, Portuondo, Lekeitio, Plentzia, Bilbo, Muskiz edo Bermeo bezalako lekuetan agertu baitira erromatar garaiko aztarnak, eta beraz, nolabaiteko itsas portuen sare bat izan zela pentsa dezakegu.
Izan ere, merkataritzaren susperraldi hau kabotajeko itsas bideekin estuki loturik egon zen. Antzinaroan itsas merkataritza lurrez egiten zena baino erraz eta merkeagoa zen. Hori dela eta, Flaviobriga (Castro Urdilaes) edo Oiasso (Irun) bezalako gune garrantzitsuak sortu ziren Kantauriko kostaldean; baita, horiez gain, Lekeitiokoa bezalako beste hainbat ainguraleku edo portu txikiago ere.
Badirudi Bizkaiko Golkoan, birbanatze puntu nagusia Burdigala (Bordele) zela. Merkantziak Garonatik iristen ziren bertara eta gero itsasoz hedatzen ziren egungo euskal lurraldeetara. Hala ere, Donostian, Zarautzen, Getarian, Lekeition eta Foruan aurkitutako sigillata hispanica zeramikek Oiassok ere paper garrantzitsua bete zuela erakusten digute. Badirudi portu horrek Ebro bailara eta Akitania lotzen zituela. Halaber, kostaldea ere lotzen zuen, barnealdearekin eta Ab Asturica Burdigalam XXXIV. galtzada erromatarrarekin.
Aipatutako bidetan barrena, merkatal produktu ugari salerosi eta garraiatu ziren. Besteak beste, elikagaiz betetako anforak, metalak, burdin harria, txanponak, kristalezko produktuak eta abar. Baina horien artean, Lekeition eta beste hainbat aztarnategitan aurkitu den terra sigillata nabarmendu behar da.