Saltatu nabigazioa

7.1.4.7.- Balea-ehizaren krisia

Ikusi dugunez, euskaldunak oso arrantzale trebatuak izateaz gain, hamarkada luzez, teknika egokia ezagutu zuten bakarrak ere izan ziren, Europan balea-ehizaren merkatuan lehiakorrenak bihurtuz. Arrantza modu hori XVIII. mendean amaitu zen eta Ternura joateari utzi zioten. Hala ere, balea ehizatzen jarraitu zuten, baina jada, beraien portuetatik gertu. Izan ere, XVII. menderako, euskaldunen balea-ehiza oso egoera txarrean zegoen.

Hainbat arrazoi izan ziren euskal balea-ehiza krisiaren erantzule. XVI. mendetik bertatik, nolabaiteko gainbehera zetorrela ikusi dugu, bai armadoreek Amerikako merkataritzaren goraldiaren eraginez euren negozioak beste zeregin batzuetara bideratu zituztelako edo baita gerren ondorioz izandako gatazkengatik ere.

XVII. mendean gainbehera horrek okerretik makurrera egin zuen. Euskal arpoilari eta espezialista asko, ingeles eta holandesen irakasle aritu ziren soldata handien truke, lehenago euskaldunen monopolioa zena arriskuan jarriz; euren teknika, arrantza-leku eta itsas bideak erakutsiz, denborarekin, euskal baleontziei konpetentzia latza sortu zitzaien. Gainera, atzerritar horiek balea-ehizan arituko ziren konpainia handiak sortu zituzten egoera gehiago petralduz euskaldunentzako. Horrez gain, ikusi bezala, mende horretako ziklo belikoak ere ez zuen lagundu, oso latza izan baitzen.

Adibidez, 1712an, Ondorengotza Gerraren amaieran, Lekeitioko Migel Amias San Frantzisko Javier itsasontzian itsasoratu zen baleak arrantzatzera joateko, baina Galiziako kostaldean Herbehereetako fragata batek harrapatu zuen baleontzia. Itsasontziko kapitainak 3.000 ezkuturen truke ontzia askatzea lortu zuen, baina Migel eta beste arrantzale bat bahituta geratu ziren. Hiru urte igaro zituzten Flessingeko kartzelan, armadoreak erreskatea ordaindu arte.

Amaitzeko, esan behar da, XVIII. mendean erabateko hondamendia iritsi zela euskal baleontzientzat. Utrecheko ituna (1715) sinatu ostean, Ternuko lur eta itsasoak euskal arrantzaleen konpetentziatik kanpo geratu ziren. Nahiz eta saiakera batzuk egin horiek berreskuratzeko, ez zen atzera bueltarik egon. Horrez gain, azpimarratu behar da, balea populazioa ere oso murriztua zegoela ordurako.

1739an Lekeitioko Udalak itsasoz haraindi joateko debekua ezarri zuen, eta balea eta bakailao arrantzak ez zuen urte asko gehiago iraun. Garai gatazkatsua izanda, ahalik eta beso gehien behar ziren portua defendatzeko. Urte hartatik aurrera, Lekeition gainbeheran etorri zen balea arrantza. Herritarrak Ternuara ez joateko, horiek itsasoratzerakoan ordaindu beharreko tasak igo zituen Udalak. Neurri horien eta lehenago aipatu ditugunen ondorioz, unean uneko anekdota huts bihurtu zen balea-ehiza. XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran pieza bakan batzuk baino ez ziren harrapatu, guztiak kostaldetik gertu.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia