Hegoaldeko zarratze horma, ziur aski, XVII. mendearen hasierakoa da. Garai hartan, Ziarra harginari zarratze harresiaren azken zatia egiteari uzteko agindu zioten, horma eraikitzeko zailtasun handiak zeudelako. Horrela, hango piezak hegoaldeko zarratze berria egiteko lanetan berrerabili ziren.
Hormatzarraren gainean dagoen karelak zirkuluerdiko ebakidura du, eta kareharria harlanduzko piezekin errematatuta dago. Bere materiala ez da zarratze hormatzarrarena bezalakoa, beraz, argi dago beranduago egindakoa dela. Gainera, karel horrek uholde garaietan traba egin zezakeela uste da, bere eraginez harresiak presio gehiago jasango baitzuen. Hori dela eta, badirudi, XVIII eta XIX. mendeen artean eraiki zela, hau da, lehortze horma eraiki zen garaian.
Esan bezala, lehortze horma karelaren garai berekoa da. Errota erabiltzeari utzi ziotenean, urtegiaren barrualdea lehortzea erabaki zuten, laborantzarako lurrak lortzeko. Arestian esan bezala, bi harresien artean ubide bat geratu zen, eta nekazal lur horietara pasatu ahal izateko pontoi edo zubitxo bat eraiki zuten.