Saltatu nabigazioa

4.6.3.6.- Beirateak

Beirateak   (argazkia 1 / argazkia 2 / argazkia 3)

Zoritxarrez ez dira jatorrizko beirateak kontserbatu. Hala ere, badakigu XVI. mendean zehar Juan Flamenco beiragile famatuak egin zituela. Gaur egun ikus ditzakegunak XIX. mende amaierakoak dira, Jules Pierre Maumejeanen Paueko tailerrean eginak.

Burualdean, erretaulako Kalbarioaren aldamenean, Ama Birjinaren zeruratzea eta Kristoren zeruratzea ikus ditzakegu. Hurrengo hiru beirateetan hamar apostolu daude horma-hobien azpian. Habeartearen bigarren tartekoa San Pedro itsasgizon eta arrantzaleen patroiari eskainita dago. Hurrengo beiratean lau ebanjelistak ageri dira euren sinboloen gainean: San Joanen arranoa, San Mateoren aingerua, San Lukasen zezena eta San Markosen lehoia (argazkia).

Habeartearen azken gorputzean, Lekeition berebiziko kultua izan duten bi santu nabarmentzen dira, San Antolin eta San Roke. Azkenik, koruko beirateak musikarekin lotutako irudiak ditu, Aita Betikoaren azpian David harpa jotzen ari da eta Santa Zezilia izan daitekeena organo txiki bat. Apur bat beherago, lau aingeru tronpeta jotzen ari dira hamaika instrumenturen gainean (argazkia I / argazkia II).

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia