Saltatu nabigazioa

5.4.1.7.- Uribarren-Agirrebengoa mausoleoa

Uribarren-Agirrebengoa mausoleoa (argazkia)

Iparraldeko horman eraikineko elementurik bereziena aurki dezakegu, 1866tik hona Jose Javier Uribarren eta Jesusa Agirrebengoa senar-emazteen gorpuzkiak gorde dituen mausoleo handia. Casto Zabala arkitekoak diseinatu zuen 1882an, eta Carrarako marmolean dago eginda. Hainbat eskultore bizkaitarren parte hartzea izan zuen mausoleoaren eraikuntzak, Adolfo Areizaga, Bernabe Garamendi, Serafin Basterra eta Vicente Larrearena esate baterako.

Tradizioak dioenez, hildakoen iloba zen Pascual Abaroak ordaindu zituen lanak, baina, badakigu, benetan Udalaren ekimenez eraiki zela. Udalak bikote horrek herriaren alde egindako ekintzak omendu nahi izan zituen. Izan ere, beste ekimen batzuen artean, Nautika Eskola Ofizialaren eta horri atxikitako ikastetxearen eraikuntza, edo zahar etxearen sorrera bultzatu zuten. Ekimen horiek guztiak hilobiaren aldeetako baxuerliebean daude adierazita.

Aipatutako hilobiak estilo neoerrenazentistako arkitektura-pantaila bat du, eta bertan, erremate gisa, eskaintza inskripzio bat eta udal armarria ditu. Atzealdetik aingeru baten figura ageri da, ongileen buruetan koroak jartzeko zerutik jaisten dena. Figura etzanak, elkarri begiratze aldera, apur bat biratuta daude eta eskuak elkarlotuta dituzte. Hilobiaren alde banatara dauden agurea eta neskatila euren karitate ekintzen onuradunen adierazgarri dira. Ikonografia aberatsarekin eta hilobiaren handitasunarekin batera, arropen xehetasuna eta senar-emazteen aurpegien errealismoa nabarmentzen dira. Ezkontide horiek dira hilobiko figura garrantzitsuenak “Garamendi eta Basterra” tailerrean eginak. Agurea Areizagaren lana da, Larrearen parte hartzea, ordea, ez da hain argia. Bizkaian Aro Garaikidean egindako hilobi-generoko eskultura multzo garrantzitsuenetako bat dugu mausoleo hau.

Amaitzeko, San Jose tenpluak kalitatezko altzari eta arkitektura dituela azpimarratu behar da. Eraikina, gainera, Jesusen Konpainiak Bizkaian finkatzeko zuen interesaren isla garbia da, eta Lekeitioren historiaren atal interesgarri baten berri ematen digu. Besteak beste, bertoko aberatsen historiarena, beren irabaziekin herrian obra esanguratsuak burutu zituzten horiena.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia