Erromatarren garaiko portusaren arrasto arkeologikoak alde batera uzten baditugu, Lekeition nolabaiteko ainguraleku bat egon zitekeela iradokitzen diguten lehen berriak 1338. urteko zeharkako aipamen batzuk dira. Horietan herrian zeuden ontziolen berri ematen da, eta beraz, pentsatzekoa da egongo zela eraikitako ontziak babesteko lekuren bat ere, ziurrenik Isuntza edo Arropain aldean. XIV. mende amaierako bestelako dokumentu batzuek, jada, herrian moilak eta ontzigintza industria zeudela erakusten digute. Izan ere, ontzigintzarako beharrezkoa zen egurra lortzeko, Ondarroarekin zeuden tirabirak erakusten dituzten dokumentu batzuek; eta beste batzuek ehizatutako baleen mingainen banaketatik moilak konpontzera zenbat diru bideratzen zen dioskute.
Hortaz, pentsa daiteke, mende hasierako ainguralekuaz gain, XIV. mende amaierarako moilatzat jo dezakegun eraikuntzaren bat ere bazegoela. Ziurrenik lehen portu hori Arranegi inguruan egon zen, bertan sortu baitzen garai bertsuan itsasora begira zegoen auzune berria.
1407. mendean, portuak eraldaketa handi bat bizi izan zuen; ordurako, arrantzak, ontzigintzak eta itsas garraioak eskaintzen zituzten mozkinek garapen bat ahalbidetu baitzuten. 1407. urteko agiri batean “portu nagusi” bezala izendatzen da Lekeitioko portua, eta 70 ontzi eta ontziola propioa zeudela aipatzen da. 1463an, berriz, moila berri baten eraikuntzaren albistea dugu, ziur aski Arranegi auzunearekiko paralelo kokatzen zena eta egungoaren oinarria dena. Eraikuntza berri horrekin ordura arte Arropainen, Isuntzan edo badian ainguratzen ziren ontziek babesgune hobea lortu zuten.
XVI. mendean ere garapen handia izan zuen portuak. Lan ezberdinak burutu ziren, 1505ean, 1521ean edo 1541ean, besteak beste, bi moila sendo eta pisu-etxe bat eraiki ziren. Horrez gain, mende amaieran portuaren perimetroa itxi zen (argazkia).
XVII. mendea guztiz bestelakoa izan zen. Etengabeko gerra egoerak eta horrek berarekin zekarren pirateria, lapurreta eta egoera gatazkatsuak itsas jarduera oro kaltetu zuten. Horrek herri arrantzaleetako ekonomia erasan zuen eta, ondorioz, ez zen inolako obra edo zaharberritzerik burutu. Mantenurik gabe, ordea, aurreko mendeetan eraikitakoa, gutxinaka, hondatuz zihoan itsasoaren eraginez.
Mende amaieran baino ez ziren obra berriak burutu. 1687an Udalaren eta Arrantzaleen Kofradiaren eskariz, Lucas Longak nasa zaharretik Talaraino zihoan harlanduzko moila berri bat eraiki zuen, Holandako moila izenez bataiatu zena (irudi hipotetikoa). Bestalde, mende horren amaieran hasi zen Amandarri inguruan eraiki zitekeen moila berri baten lanekin pentsatzen. Moila horren xedea badiara eta portura sartzen ziren olatuak gelditzea zen, baina bere eraikuntzak zuen zailtasun eta kostua zela-eta, atzeratu egin zen.
XVIII. mendean, Lekeitioko portuak aurretik izandako maila galdu zuen. Merkataritzaren ardatza Europa iparraldetik Ameriketara mugitu izanak, eta bestelako gertakari ekonomiko eta politikoek, Lekeitioko portuak izandako garrantzia ahultzea ekarri zuten. Itsas garraioak behea jo zuen eta herritar askok Amerikako emigrazioan edo Ternuako espedizioetan bilatu behar izan zuten irtenbidea. Hala ere, mende horretan, itsas azpiko hondar barrek sortzen zuten arazoari irtenbidea emateko ahaleginak hasi zituzten lekeitiarrek.
1716an, Lea ibaia bideratzeko asmoz, gaur egungo islako moilaren aitzindaria izango zena eraikitzeko lehen saiakerak egin ziren. Izan ere, portua lehorretan geratzen zen itsas beheran. Haren sarreran eta barran hondarra ez pilatzeko, Lea ibaia Karraspio hondartzarantz desbideratzeko ahalegina egin zen. Hala ere, orduan ez zuten moila amaitzea lortu. Lazunarri bezala ezagutzen den behin betiko islako moila 1856an eraikiko zen Jose Javier Uribarrenek ordainduta.
1735. urteko deskripzio anonimoak[1] garai hartako portuaren egoeraren berri ematen digu. Lekeitioko portua txarra dela dio, arestian aipatu ditugun bi hondar barrek dakarten arriskuen ondorioz, neguan ontziak ezin baitira segurtasunez ibili. Hori dela eta, urtaro horretan Isuntza inguruan babesten omen ziren. Horrez gain, bi moilen berri ematen digu, “Nazanueva” eta “Nazazarra”. Badakigu, halaber, moila bi horien iparraldean zegoela “Holandako moila” deitua. Bertan hainbat merkatal ontzi lotzen ziren, asko Europa iparraldetik etorriak, besteak beste, holandarrak.
Laburbilduz, esan dezakegu, mendeetan zehar burututako hobekuntzak hobekuntza, XVIII. mende hasieran oraindik lekeitiarrek ez zutela arazoari irtenbiderik ematea lortu. Ziurrenik, horri erantzuteko asmoz idatzi zen, 1741. urtean, portua goitik behera berritzeko plana. Bertan, sarrera bera ere, lekuz aldatzea aurreikusten zen eta portuari sakonera gehiago ematea. Hala ere, ez dirudi mende horretan obra garrantzitsu hori burutu zenik. Izan ere, 1874ko plano batean ikus daitekeenez, ehun urte lehenago bezala jarraitzen zuen. Hori bai, 1793an portua gotortzeko lanak burutu ziren, lau kanoi postu eraikiz: San Juanen, Garraitz irlan, Santa Katalinan eta Talaian.
[1] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.