Saltatu nabigazioa

7.1.3.1.- Erdi Aroa eta Aro Berria

Arrantza eta itsas jarduerei dagokienez, 1325. urtean, Bermeok ordurako bazituen eskumen eta pribilegioak eman zizkion Alfonso XI.ak Lekeitiori ere. Ordutik, eta batez ere hilabete batzuk geroago hiri-gutuna eskuratu ondoren, arrantza sektorea haziz joan zen. Gaztelatik zetorren arrantza produktuen eskaera izan zen, segur aski, sektorea hazteko arrazoietako bat. Izan ere, barnealdeko biztanleria igotzearekin batera, haziz zihoan arrain eskaera eta baita espezie jakin batzuk kontsumitzeko joera ere. Bestalde, Kontzejuak ere hiribildua beti ondo hornituta egoteko ahaleginak egin zituen.

Azpimarratu behar da, Elizak haragiaren kontsumoa debekatzen zuela urteko egun zehatz batzuetan, eta horrek arrainaren eskaria areagotzen zuela. Komunitate kristauak urtean 150 egunez kontsumitzen zuen, gutxi gorabehera, arraina. Adibidez, Erramu igandetik Pazko egunera arte arraina bakarrik jaten zen, bai txiroen etxeetan, bai aberatsenetan. Hortaz, arraina nahitaezko elikagai bihurtu zen, eta ondorioz, Koroak berak eta bestelako erakundeek ere arrantza sektorea sustatzeko neurriak hartu zituzten.

Testuinguru horretan, euskal kostaldeak baldintza ezin egokiagoak biltzen zituen baxurako nahiz alturako arrantza garatzeko[1], eta Lekeitiok hasiera-hasieratik buru-belarri jardun zuen sektore horretan. Ordutik Lekeitioko ekonomiaren oinarria izan da arrantza eta, ondorioz, herriaren arlo eta bizitzako esparru guztietan utzi du bere eragina.  

XIV eta XV. mendeetarako baxurako nahiz alturako arrantzan jarduten zuten Lekeitioko arrantzaleek. Izan ere, eskaeraren bilakaerak urrunagoko tokietara bultzatu zituen, adibidez, Galizia edo Asturiasko kostaldera. XIV. mendekoak dira, halaber, gure arrantzaleak Irlandan edo Iparraldeko Itsasoan ibili zirenaren lehen berriak ere.

Hainbeste arrantza-leku izanda, harrapatutako espezieak ere ugari izaten ziren. Badirudi sardina eta bisigua zirela gehien jaten ziren arrainak, behin eta berriz aipatzen baitira ordenantzetan. Horiez gain, ordea, legatza, txitxarroa, atuna eta bestelako espezieak ere aipatzen dira. Gainera, badakigu garai horretarako balea-ehizan ere aritzen zirela. Kantauriko hiribilduetako armarrietan agertzen diren balea irudiek argi erakusten dute espezie horrek Erdi Arotik XVIII. mendera arte izan zuen garrantzia. Hain zuzen, XVI. mendean izan zuen bere garai oparoena, urtero Ternuaraino hainbat itsasontzi abiatzen ziren garaian.

Beraz, esan dezakegu, XIV. eta, batez ere, XV. mendetik aurrera, arrantza geroz eta garrantzia handiagoa hartuz joan zela, ekonomian ez ezik, baita gizarte mailan ere. Horrela, bizirauteko era izateaz gain, herriaren bilakaera guztiz baldintzatuko zuen jarduera izatera igaro zen.

XVI. menderako, hainbat neurri hartu ziren, haziz zihoan sektorearen beharrizanei erantzuteko. Besteak beste, San Pedro Arrantzaleen Kofradia sortzea eta portua nahiz hiribilduko bestelako azpiegiturak hobetzea. Horrez gain, hasieratik bertatik, arrantza erabat lotuta egon zen herriko ontzigintza industriarekin. Gogoratu behar da, 1500. urtetik 1900. urtera, Lekeitio izan zela, Bermeoren atzetik, Bizkaiko porturik garrantzitsuena.

Zaila da garai hartan Lekeitioko biztanleen artetik arrantza sektorean zenbatek lan egiten zuten zehaztea. Hala ere, badakigu XVI. mendean egoera ekonomiko eta demografiko ona izan zela, eta Lekeition arrantzaleek osatutako auzune garrantzitsu bat zegoela; Arranegi. Hainbat autorek mende horretarako 260-400 bat arrantzale izango zirela diote. Kopuru esanguratsua, Lekeitioko orduko biztanleria aintzat hartzen badugu. Ordutik, gorabeherak gorabehera, arrantzale kopuruak goraka jarraitu zuen XX. mendeko azken hamarkadara arte. 

Bestalde, XVI. mendean, Andre Maria elizaren arrainen gaineko zerga eta diru-sarrerak, urtetik urtera, igoz joan ziren. Hori dela eta, pentsatzekoa da, harrapaketak igotzeaz bat, giza baliabideak eta baliabide materialak, hau da, arrantzaleak eta ontziak ere igoz joan zirela. Kalkuluen arabera, bataz beste berrogehiren bat ontzi izan zituen Lekeitioko portuak garai horretan.

Bestelakoa izan zen, berriz, XVII. mendea. Oro har, krisi mendea izan baitzen eta arrain harrapaketez gain, ontzigintza eta bestelako sektoreek ere gainbehera nabarmena bizi izan baitzuten.

XVI. eta XVIII. mendeen artean, balearenaz gain, arrantza-aldi nagusienak bisiguarena eta atunarena izaten ziren. Arrantzarako egutegia arrainen migrazioei estuki lotuta zegoen. Horrela, bisiguaren sasoia azaroan hasi eta Garizuman amaitzen zen; eta atunarena, berriz, ekainetik irailera arte luzatzen zen. Bi espezie horiek harrapaketen ehuneko handiena suposatzen zuten. Esaterako, urte batzuetan bisiguak emandako irabaziak San Pedro Kofradiak bildutakoen erdia izatera heltzen ziren.

Baina bi espezie horiez gain, beste arrain mota batzuk ere harrapatzen ziren. Horietako batzuk itsas aingira, sardinzarra, sardina, antxoa, legatza edo izokina ziren. Horiek ere sarritan agertzen dira agirietan, baina ez beti bertoko arrantzaleek harrapatuta, kanpotik ere inportatzen baitziren. Adibidez, Frantziako itsasontzi handiak heltzen ziren portura arrain ketu eta onduak ekartzera.

Arrantzatzeko moduari dagokionez, Behe Erdi Arotik erabilienak tretzak izan ziren, batez ere bisigutarako. Arrantza-aparailu horrek subil izeneko soka luzeak zituen, eta bertatik amuz betetako soka-muturrak egoten ziren zintzilikatuta. Horrez gain, bestelako aparailu batzuk ere erabiltzen ziren arrain-aldi ezberdinetan: askotariko garnatak, amu ezberdinak –karpinak, buztanekoak, katxikamuak, besigamuak, atunamuak, lebatzamuak, lixamuak–, sareak, trainak, tranpa mota diferenteak, butroiak, txaplatak, kodainak, kordelak, planoak, txanpelak, loroak, aiztoak edo arraina batzeko otzara bereziak.

Horrela, arrain espezie bakoitza harrapatzeko teknika berezi bat joan zen garatzen. Antxoa, esaterako, inguraketa-sareak erabiliz arrantzatzen zen. Hau da, behin antxoa-taldea ikusita, ontziak sare luze batez inguratzen zuen. Sardinatarako, berriz, manjua izeneko arrantza modua baliatzen zen, ontzi bat baino gehiago erabiliz. Atunak kazean harrapatzen ziren, arto-maluta baliatuz garnata moduan; eta arestian esan bezala, bisigua tretzekin arrantzatzen zuten garnatatzat antxoa jarriz.  

Teknika horiek urteetan zehar perfekzionatuz joan ziren, eta XIX. mendean izan zuten euren aldirik onena. Aipatu behar da, XX. mendean, teknologia garatzearekin batera, teknikak ere eraldatuz joan zirela eta, adibidez, arraste-arrantzak indar handia hartu zuela. Arrantza modu hori, ordea, oso kaltegarria da, arrantzatu nahi diren espezieez gain, beste hainbat itsas espezie ere kaltetzen dituelako.

Aipatu ditugun espeziez aparte, beste arrain esanguratsu bat, zalantzarik gabe, bakailaoa izan zen. Balearen ostean, arrain horrek izan zuen itsasoz haraindiko arrantzan garrantzia handiena. Oso arrain preziatua zen eta berau harrapatzeko antolaketa berezia behar izaten zen. Ternua, Groenlandia edo Islandian arrantzatzen zenez, hilabete batzuk Lekeitiotik kanpo egotea zekarren bakailao-arrantzak. Hori dela eta, kapital handiak inbertitu behar izaten ziren. Zalantzarik gabe, Aro Berrian, bakailaoaren arrantza izan zen, balearenarekin batera, hiribilduan diru gehien mugitu zuena.

Bakailaoa sakonera txikiko uretan ibiltzen denez, erraz harrapatzen zuten, eta oso emankorra zen, hotzari nahiz gaixotasunei ondo egiten baitzien aurre. Gainera, bere haragiak proteina asko eta gantz gutxi duenez, erraz kontserba zitekeen gatzatuta edo lehortuta. Horri esker, Europako merkatuetan arrakasta handia lortu zuen, Garizuman jateko ez ezik, itsas bidaia luzeetan marinelak elikatzeko ere erabiltzen baitzen. 

Bakailaoaren arrantzak, batez ere, XVII. mendeko erdialdetik aurrera hartu zuen indarra Lekeition, nahiz eta XVI. mendean ere parte hartze handia izan zuen hiribilduak Ternuako arrantzetan. Esan bezala, iparraldeko itsasoetan harrapatzen zen bakailaoa eta, gatzatuta ostean, kupeletan ekartzen zen herrira. Bere salmenta Kontzejuak kontrolatzen zuen, eta partikular bati ematen zion errentan, horrela produktuak saldu aurretik sarrera batzuk ziurtatzen baitzituen.

Bestalde, arrantzatutako arrain mota ezberdinen salmentari dagokionez, hasieran produktua inolako mugarik gabe saltzen zen kaian bertan. XVI. mendetik aurrera, ordea, Arrantzaleen Kofradiak zuzendu nahi izan zuen prozesu guztia, eta urteak igaro ahala, kontrola bereganatuz joan zen. Udalarekin batera, hainbat ordenantza idatzi zituen salmentak arautzeko asmoz. Beste neurri batzuen artean, bertoko arrantzaleen aldeko neurri protekzionistak ezarri ziren, eta kanpotarrei debekatu egin zitzaien herrian arraina saltzea. Horrela, Kofradiak gaur egunera arte iraun duen enkante sistema komuna jarri zuen martxan. Neurri horien bidez Kofradiaren xedea herriko arrantzaleak babestea zen.

Arrainaren prezioa harrapatutako kopuruak baldintzatzen zuen, eta beraz, arrantzaleen soldatak ere horren menpe zeuden. Arraina saldu ostean, domeketan, itsasontzietako maisuek asteko irabaziak banatzen zituzten arrantzale eta gainerako langileen artean. Soldatak gorabehera handiak izan ohi zituen, esan bezala, irabaziak eskaintza eta eskari legearen menpe baitzeuden. Hala ere, arrantzale guztiek harrapatutako arrainaren parte bat etxera eraman zezaketen.

Elizak eta Kontzejuak ere irabazi handiak izaten zituzten arrantzari esker. Kontzejuak porturatzen ziren arrain guztien gaineko zerga ezartzen zuen, eta Elizari ere bere hamarrena ordaindu behar izaten zitzaion. Sardina, balea edo bakailaoa; ugari dira zerga agirietan agertzen diren arrantzatutako espezieak.

Azkenik, arrantzaleen bizi baldintza gogorrak aipatu behar dira. XVII. mendean, itota hiltzea zen pertsona helduen heriotza arrazoi ez-natural nagusiena (%58). Eta itsasoz haraindiko bidaietan hildakoen kopurua ere %10,8koa izaten zen. Hortaz, argi dago, etekinak lortzeko arrisku handiak hartzen zituztela arrantzaleek.

Itsasoak zekartzan arrisku eta ikara horiei aurre egiteko hainbat erritu eta ohitura sortu ziren marinelen artean. Esaterako, Jainko, santu eta Antiguako Amari zuzenduriko hainbat otoitz. Bestalde, Azkuek 1874. urtean batutako lekukotzen arabera, marinelek ez zituzten “deabru”, “katu”, “arratoi” edo “sorgin” hitzak esaten itsasoan zirenean. Horien ordez, hurrenez hurren, “beste mutila”, “putz ettekua”, “belarri txikiña” eta “pendulen kontrakuak” deitzen zieten. Pendulak bisigu-tretzetan erabiltzen ziren ibai-harriak ziren, baina ez dago argi sorginek zergatik gorrotatzen zituzten harri horiek.

[1] “Baxurako arrantza” eta “alturako arrantza” terminoak XIX. mendean hasi ziren erabiltzen. Baxurako arrantzak hurre egiten den arrantza modua adieraziko luke, egunean bertan egiten dena. Alturakoak, berriz, urrunean eta denbora tarte luze batez egiten dena. Hala ere, kontuan izan behar da, gaur egun Lekeition baxurako ontzitzat jotzen ditugunek, Ondartzabal edo Kalamuak kasurako, arrantza egiteko modu biak uztartzen dituztela: baxura (antxoa eta berdela) eta altura (atuna). Historiografiak alturakotzat jo izan ditu mota horretako ontziak. Beraz, lanean ere horrela adierazi dugu.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia