Saltatu nabigazioa

6.5.- Turismoa

Turismoa[1]

XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen hasierara euskal kostaldeko herri asko eraldatu egin ziren. Arrantza portu txikiak izatetik, turismoaren eraginez, arkitektura bereziko gune turistiko bihurtu ziren, Europako aristokraziaren udaldi guneak.

Hasieran, kostaldeko turismoa osasunari lotuta egon zen. XVIII. mende amaierako medikuek terapia modura itsas bainuen propietateak aholkatzen zizkieten aristokraziako kideei. Esaterako, Isabel II.a bera hamabost urte zituela Donostiara etorri zen azaleko gaixotasun bat tratatzera, eta Zumaia eta Lekeition ere hartu izan zituen bainuak. Maria Kristinak, Alfontso XII.aren alargunak, eta bere seme Alfontso XIII.a izango zenak ere Donostian igaro zituzten hainbat udaldi. Napoleon III.ak eta bere emazte Eugenia Montijok ere Miarritze aukeratu zuten medikuek diagnostikatutako gaixotasunak tratatzeko. Lekua gustuko izan zuten, hurrengo urteetan ere Miarritzera itzuli baitziren eta Villa Eugenia jauregi ederra eraiki baitzuten bertan.

Hain zuzen, Donostia eta Miarritzen Madril eta Pariseko goi aristokraziak egiten zituen egonaldietatik hasi zen euskal kostaldea fama hartzen. Horrela, bata Espainiako eta bestea Frantziako gorteko toki bihurtu zen udan; eta politikariak, artistak, musikariak, idazleak, funtzionarioak eta mota guztietako handikiak hasi ziren heltzen euskal kostaldera. Paristik Baionaraino zihoan trenbidea ere garai hartan inauguratu zen, astebetetik egun bat eta erdira jaitsiz bidaia denbora. Horrela, kosta guztira hedatu zen olatu hori, eta antzeko bilakaera izan zuten, Donibane Lohitzune, Hendaia, Donostia, Zumaia, Zarautz, Lekeitio, Getxo eta beste hainbat itsas herrik. Nahiz eta, beharbada, Bilboko itsasadarraren inguruko hondartza eta herriak, kanpotarrenak baino, Bizkaiko oligarkia industrialaren opor-leku bihurtu ziren.

Aipatu bezala, Lekeition eragin handia izan zuen olatu horrek. XIX. mendeko erdi-erdian Jose Javier Uribarrenek udarako jauregi bat eta lorategia –gaur egungo parkea– eraiki zituen Isuntza hondartza gainean (argazkia). Jauregi hura XIX. mende amaieran erre egin zen, baina lau hormak mantendu zirenez, berehala berreraiki zuten Uribarrenen ondorengoek eta teilatu berria egin zioten (argazkia). Zita enperatriza bigarren jauregi horretan egon zen bizitzen. 1937an, erre egin zuten jauregia hura ere, eta nahiz eta orduan ere lau hormak mantendu, jauregia guztiz lurreratu zuten urte batzuk beranduago. Lekeition izan zen Antonio Cavanilles bidaiariak ondo deskribatu zuen XIX. mende erdiko Lekeitio. Esan daiteke ordutik hasi zela turismoa garatzen gure herrian; etorkizunean jauregi hartan hartuko zuten ostatu hainbat pertsonaia ospetsuk.

Arestian ikusi bezala, Espainiako Isabel II.ak[2] (argazkia) azaleko gaixotasunak osatzeko Donostiarekin batera, Lekeitio ere aukeratu zuen. Horrez gain, 1920etan, Austro-Hungariako Zita Borboi Parmako enperatriza ere, koroa galdu ostean, gorte eta guzti Lekeitiora etorri zen. Bien bitartean, garaiko aristokraziak Lekeitiora uda pasa etortzeko zuen joera hura egonkortzen joan zen.

Horren guztiaren eraginez, sasoi hartan hiri paisaia aldatu egin zen, eta aipatu dugun Uribarren jauregiaz gain, han-hemenka udarako eraikin eder asko egin ziren. Plaza inguruan uribarrendarrek eta abaroatarrek eraikitakoak, Abaroa jauregia (argazkia), Talako Gurutz Alde (argazkia) eta abar.

Bestalde, herriak aldaketa nabarmenak izan zituen. Eliza handitu egin zen girola eta elizapea gehitu zitzaizkiolako; portua ere berritu eta handitu egin zen; bien artean aisialdirako eta sozializaziorako plaza ederra sortu zen,  eta inguruetan lau kafetegi eta zigarro etxe ugari zabaldu ziren; Trakamailgo urak ekarri ziren eta erreka publiko bi eraiki, biak zabaldu berri zen Pascual Abaroa etorbidean; Nautika Eskola (argazkia) eta San Jose Ikastetxea (argazkia) eraiki ziren hezkuntzara bideratuta; Uribarren hospizioa eta Abaroa ospitalea egin ziren (argazkia) eta abar. Izenak eurak dioten legez, obra publiko asko, Uribarren eta Abaroa familiek ordainduta egin ziren.

Berrikuntza horiei esker Lekeitio atsedenleku ezin hobe eta herri pintoresko bihurtu zen turistentzat. Bitxia da, esaterako, garai haietan hainbat margolari ospetsu bizi izan zirela Lekeition, edo denboraldi batzuk pasa zituztela berton. Adibidez, Julian Tellaetxe, Julian Ibañez de Aldekoa, Ricardo Madrazo, Anselmo Guinea, Diego Rivera, Eduardo Txitxarro, Joaquin Sorolla edo Carlos Haes izan ziren herrian, eta guztiek pintatu zituzten Lekeitioko bazter eta paisaiak. Nahiz eta lan gehienak Lekeition egon ez, herriaren ondare dira.

Euskal kostaldeak bizi zuen olatu hori indartzeko asmoz, XIX. mende erdialdean Euskal Herriko lehen gida turistikoak sortu ziren. Pedro Perez de Castrok euskal paisaiak marraztu zituen (grabatua). Baionatik hasi eta Bilboraino Euskal Herria produktu bakartzat hartu zen. Gida horietan Euskal Herri erromantiko bat islatu zuten turisten kontsumorako.

Era berean, turistak erakarri eta entretenitzeko modu berriak asmatu ziren, besteak beste, herri kirolak, dantzak, pilota jokoa, estropadak eta abar. Ordura arte herri edo eskualderen batean soilik burutzen ziren tradizio horiek, arautu eta moldatu egin ziren kanpoko ikusleentzat. XIX. mendearen erdialdean asmatu ziren Donostiako jaiak adibidez, euskal lehiaketa biziak, piroteknia, euskal sukaldaritza, musika banda eta zezenketekin. Gerora, Donostia imitatu zuten gainerako herriek ere.

Horrez gain, turismoak arkitekturan ere eragina izan zuen. Kasinoak, hotelak, bainuetxeak, trenbidea geltokiak, pasealeku edo begiratokiak eraikiko dira. Baita lorategi eta jauregi ederrak ere.

Amaitzeko, esan dezakegu, turismoak euskal gizartean aldaketa esanguratsuak suposatu zituela. Ikusi bezala, ekonomian, hiri antolamenduan edo gizartean bere arrastoa utzi zuen. Krisiagatik jota zeuden herriak suspertu egin ziren eta euskal kultura berrindartu zen. Izan ere, gure kultura desagertuz zihoan garaian, bozgorailu lana egin zuen turismoak, euskal kultura kanpokoei zabaltzean bere berezitasunaz gehiago ohartu baikinen.

[1] Atal hau egiteko batez ere “Venero, J. eta Santana, A. 2015. Udako erreginak. EITB, Euskal Herria.” dokumentaleko  testua hartu dugu oinarritzat, zenbait kasutan moldatuta edo laburtuta, eta beste batzuetan informazio osagarria gehituta..

[2] Lekeitioko Udal Artxiboan Isabel II.ari Ricardo Madrazo pintoreak egindako margolana dago gordeta.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia