Kanpoaldea (argazkia)
Eraikina Lekeitioko alde zaharrean dago, oso espazio libre gutxi du bere inguruan eta, ondorioz, kanpotik ezin dugu bere osotasunean ikusi. Hala ere, estua izateak bere fatxadak monumentu gisa duen ikusgarritasuna areagotzen du. Fatxada oso barrokoa da eta hainbat elementu ditu: zehaztasunez moztutako harlandua, bertikaltasuna indartzen duten pilastra erraldoiak, idi-begia edo erlaitz zabala adibidez. Baina fatxada horretan portalea nabarmentzen da (argazkia). Molduraz inguratuta dago eta pilastrak ditu alde banatara. Horiek hostoak eta zintak dituzte zintzilik, moztutako plakekin batera.
Pilastra horiek oholtza bat eusten dute eta horren gainean frontoi kurbatu bat dago –barrokoan oso ohikoa den frontoi mota–. Frontoiak hegaletan bolak eta sugarrak dituzten pinakuluak ditu, eta erdian idulki txiki bat dago, moztutako plakarekin hori ere. Idulki horrek fatxadako hiru armarrietan nagusienari eusten dio, landare eta arrokaia apaindurak dituena. Erdiko armarri hori jesuitena izan zen kanporatu zituzten arte, orduan, borboienak ordezkatu zuen. Izan ere, Carlos III.a Borboikoa izan zen Jesusen Ordena bere menpeko lurretatik kanporatu zuena.
Armarri nagusiaren alde bietara tenpluaren bultzatzaileen armarriak daude, mendiolatarrena ezkerretara eta beingoleatarrena eskumatara. Biak daude erditik moztuta. Lehenak arrano hego-zabala du alde batean eta zuhaitz baten aurrean dagoen otsoa bestean. Bigarrenak, lehoia eta izarra alde batean, eta kateez inguratutako hiru zerrenda bestean. Bi armarri horiek moztutako plaken gainean daude eta giza figura bik eusten ditu.
Fatxadaren goialdean hiru kanpairentzako gorputza dago, baina erdikoaren lekuan erloju bat jarri zuten. Egun dagoen erlojua 1881ean ekarri zen Madrildik, baina aurretik beste bat egon zen. Erloju zahar hura 1786an egin zuen Roque de la Pradak eta 1846an, Santa Maria elizatik kendu ostean, Konpainiako Elizan jarri zuten. 1881ean erloju hori kofradia zaharrera mugitu zuten, eta bertan ikus dezakegu gaur egun.
Eraikinak bi isuriko errematea du eta bere zabalerak ez du beheko kale nagusiarena gainditzen. Apaingarri gisa moldura eta pinakulu batzuk besterik ez ditu. Oro har, fatxadaren materialak kalitate onekoak dira eta egitura zorroztasun handiz egina dago. Sarrerako eta armarrien inguruko apainduren arteko oreka oso ederra da. Baliteke erremate hori Santo Domingo komentukoaren eredu izan izana, antzeko garaian eraiki baitziren biak. Hala ere, San Josekoa askoz ere dotoreagoa da.
Fatxadarekin amaitzeko armarrien alboan ikus daitekeen zuloaz hitz egin behar dugu. Tradizioak dioenez, Espainiako Independentzia Gerran (1808-1814) ingelesek jaurtitako kanoikada baten ondorioa da krater txiki hori. Eta, antza, Apalloa kaleko etxe baten zaharberritze lanetan kanoi bola bat agertu zen. Arestian aipatu dugun moduan, gerra hartan aldameneko jauregia erre egin zuten. Elizak ere kalte garrantzitsuak jasan zituen, eta ondorioz, XIX. mendean zaharberritu zen Uribarren dirudunaren laguntzaz. Bankari horrek, halaber, hainbat irudi erlijioso eman zituen dohaintzan.