2017an Lekeitioko Udalak lan-beka bat atera zuen eta, haren bidez, esku artean daukazun lan hau egin da. Lan-beka Ander Plaza Txopiteak eskuratu zuen eta zuzendari lanak Maite Garamendik egin ditu, Lekeitioko Udaleko artxibo teknikariak.
Lan honen helburua Lekeitioko kultur eta natur ondareari buruzko eduki-fitxak osatzea izan da. Fitxa horiek herriko ikastetxeetako curriculumak osatzeko asmoz egin dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek euren herriko ondarearekiko ezagutza hobea izan dezaten.
Eduki-fitxak osatzeko gai bakoitzari buruz dagoen bibliografia esanguratsuena erabili da, batez ere, gaurkotuen dauden lanak aintzat hartuz. Liburuak, aldizkariak, artikuluak, web-orrialdeak eta bigarren mailako bestelako iturriak bilatu, irakurri, aztertu eta horietatik beharrezko informazioa atera da. Prozesu horretan Lekeitioko Udal Artxiboko biblioteka izan da iturri nagusia. Horrez gain, baliagarriak suertatu direnetan, lan honen egileak berak aurretik burututako ikerlanak ere erabili dira.
Behin beharrezko bibliografia bilduta, eduki-fitxak osatzeko sintesi metodologia jarraitu da. Zehaztutako gai bakoitzaren gainean aurretik idatzi diren lan ezberdinak sakon irakurri, eta ideia nagusiak biltzen dituen laburpena egin da. Hau da, liburu edo iturri bakoitzak jasotzen dituen ondorio, iritzi, informazio eta edukietatik abiatuz ahalik eta sintesi argi eta ulerterrazena prestatu da. Hala, egoki iruditutako ataletan, lan originalen testuak erabili dira oinarritzat, eta zenbait kasutan moldatu, laburtu edo osatu egin dira, beti ere, hala egin denetan, behar bezala adieraziz oin-oharretan. Bestalde, erabilitako bibliografiaren erreferentzi guztiak lanaren amaieran adierazi dira atalez atal sailkatuta.
Kontsulta errazteko, gai bakoitzera zuzenean sartzeko aukera eskaintzen da aurkibidean irakurri nahi den gaiaren gainean klikatuz. Edozein berba erabilita ere egin daitezke bilaketak, eta kontzeptu edo termino esanguratsuenei laster-marka batzuk ezarri zaizkie, horiekin zerikusia daukaten bestelako gai batzuetara jauzi egin ahal izateko, hala nahi izanez gero.
Laburpenak osatzeko orduan, kontuan izan da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleentzako material didaktikoa osatzeko oinarri izatea dutela xede. Ildo horretatik, hamasei urteko ikasleen mailara egokitu dira sakontasun eta ulergarritasun aldetik. Hala ere, testuaren moldagarritasuna ere zaindu egin da, behin irakasleen eskuetan, adin txikiagoko ikasleen mailara egokitzea ere posible izan dadin.
Aurkezten den lan honen jatorrizko bertsioa Udal Artxiboan gordeko da eta, lantzean behin ikerketa berriren bat kaleratzen denez, ondare-fitxak egunean edukitzeko asmoa dago.
Dokumentu hau helburu batzuk betetzeko sortu da. Beraz, ezin da erabili beste edozertarako, Lekeitioko Udalaren, zuzendariaren eta egilearen baimenik gabe. Halaber, ezin da zatitu edo bere testuingurutik atera, ezin da era masiboan erreproduzitu ezta irabazi-asmoarekin erabili ere. Kontutan izan behar da, baita, erabili diren argazkiek egile eskubideak izan ditzaketela.
Hona, bada, Lekeitioko ondareari dagozkion eduki-fitxak. Lehen urratsa eman da. Landutako edukiak erabilita bestelako bitarteko pedagogiko batzuk ekoiztu ahalko dira, agian egokiagoak adin ezberdinetako ikasleei ondarearen gaineko gaiak irakasteko.