Oxangoiti jauregiak (argazkia) Sosoaga jauregiaren antzeko estiloa dauka, nahiz eta apaingarri gehiago izan, eta apur bat geroago eraiki zen: 1674an. Gamarra kaleko 2. zenbakian dago, udaletxearen aldamenean. Fatxada nagusia Gamarrara zabaltzen da eta albokoa Apalloa kalera.
Ezkerreko hegala aldameneko etxeari itsatsita izateak bere morfologia baldintzatzen du. Solairu lauangeluar eta irregularra dauka, sakonerarantz estutzen delako. Erdi Aroko orube bi hartzen ditu, eta atzealdean karkaba bat du.
Beheko solairuaz gain, beste bi ditu eta, azkenak, ganbara dauka. Solairu horiek baoen hiru ardatzetan banatuta daude, bai bertikalean, bai horizontalean. Erdiko ardatzean sarrerako egurrezko atea –iltzez josia eta dotorea– eta egurrezko miradore bat daude, azken hori lehen solairuan. Lehen eta bigarren solairuko gainerako baoek balkoiak osatzen dituzte, burdinazko baranda eta harrizko mentsulekin. Aldameneko fatxadan, balkoi bat izan ezik, bao guztiak leihoak dira, eta kalearen desnibela dela-eta, garaiera ezberdinetan kokatuta daude.
Beheko solairua, inposta eta baoen ingurua harlanduz eginak daude, nahiz eta gainontzeko atalak ez diren hain kalitate onekoak. Teilatuaren hegala benetan ikusgarria da, Lekeitioko ederrena, fatxada bietan zabaltzen baita eta tailu lan ezin hobea baitauka, hostoen irudiz osatua.