Ez dakigu zehatz-mehatz non, noiz eta nola hasi ziren euskaldunak balea ehizatzen. Baleekin lehen hartu-emana, haietakoren bat hondartza batean harrapaturik geratu zenean izango zen, edo kosta inguruan haien ontzietatik ikusi zituztenean. Animalia ikaragarri harengandik produktu ugari lor zitzaketela ikasi zuten, haragia eta koipea nagusiki. Beharbada, lor zezaketen irabazi handi horrek bultzatu zituen lehen baleak ehizatzera, inork irakatsi gabe, inondik ikasi gabe.
Balea-ehizaren arrasto arkeologiko zaharrenak, K.a. 3000. urtekoak dira eta Groenlandiako Inuit tribu eskimalen ehizaldien arrastoak dira. Balea espezie txikiak izan ohi ziren ehizatzen zituztenak, babes edo elikagai bila badietan sartzen zirenak. Eskimalen ehiza-modu tradizional horien artean, sareen erabilera edo gezi pozoituak aipa daitezke.
Zenbait Europako herrialdek, batez ere iparraldekoek, balea-ehizaren sorrera euren arbasoengan kokatzen dute. Baina apenas dago hori erakutsiko lukeen dokumentu idatzirik XIII. mendera arte, hau da, islandiar sagak idatzi ziren arte, alegia.
Ostera, frantziar idazleek aspalditik pentsatu izan dute euskaldunak izan zirela lehen balea-ehiztariak, edo behintzat lehen balea-ehiztari komertzialak; eta horren erakusle zela “arpoi” hitzaren euskal etimologia. Bere jatorria, ordea, hizkuntza germaniarreko "harpan" hitzean dago. Geroago, euskaldunei balea-ehizan normandiarrek irakatsi zietela uste izan zen, horiek VIII. mendean, Gaskoniako kostaldea indarrez hartu zutenean. Baina, baieztapen horiek, oraingoz, hipotesiak baino ez dira.
Dokumentu idatziei erreparatzen badiegu, ordea, badirudi euskaldunak izan zirela lehen balea arrantzale europarrak. 670. urteko faktura frantses batek frogatzen duenez, euskaldunek hamar tona balea-koipe bidali zituzten Sena ibaiertzean zegoen abadia beneditar batera. Abadia hori 900 kilometro ingurura egonda, pentsa liteke, VII. menderako, euskaldunak hasiak zirela baleak modu sistematiko batean harrapatzen, nolabaiteko fama zutela jarduera horretan, eta baita merkatu propio bat ere.
Milurteko berriarekin, ugaritu egin ziren jarduera horri buruzko aipamenak. Marcel Lefebvre artzapezpiku frantsesak dioenez, 1095. urtean, Baionako hiriak balea produktuen salmentarako pribilegioa eskuratu zuen. Bestalde, XIII. menderako, Gaztelako erregeek hasia zuten baleen ehizaren gaineko kontrola. Horren adierazgarri da besteak beste, 1200. urteko abenduaren 31n, Alfontso VIII.a erregeak Santiagoko Ordenari mutrikuarrek ehizatutako balea bat oparitu izana, edo 1237. urteko Zarauzko hiri-gutunean, Fernando III.ak ehizatutako balea guztien atal bat beretzat erreserbatu izana.
Lekeitiori dagokionez, 1381eko ordenantzetan agertzen omen zen datu bat da dugun lekukotasun zaharrena –gaur egun galduta dago–. Horietan aipatzen zenez, balearen mingainaren heren bat Elizari zegokion. Horrez gain, 1499-1500eko ordenantzetan ere ageri da balea-ehizaren gaineko erreferentziarik –“resçevymos en sayn que hizo la lengua de la valena ochenta e seys tarjes”– eta horiek, zorionez, gordeta daude. Bestetik, 1555. urteko ordenantzetan balearen arrantzaren gaineko gorabehera guztiak zehatz-mehatz azaltzen dira araututa.
Amaitzeko, esan behar da, herbeheretar, ingeles, errusiar eta daniarrak ez zirela balea-ehizan hasi 1600. urtera arte. Ordurako euskaldunak Ameriketan zebiltzan baleak harrapatzen. Han ere, Kantauri itsasoan erabiltzen zuten ehiza-teknika bera erabiltzen jarraitu zuten, geroago beraien galbiderako atzerritarrei irakatsiko zieten ehiza-teknika berbera alegia. Beraz, badirudi euskaldunak izan zirela lehen balea-ehiztari europarrak eta, ziurrenik, haiek hasi zuten balea produktuen merkaturatzea.