Lekeitio natur eta kultur ondare aberatseko herria da. Lea ibaia itsasoratzen den badia txikian kokatuta, bizitzeko eta giza jardueretarako ingurune berezia osatzen dute bertako hondartza, padura, itsasertz, mendi eta haitzulo sareek. Horren erakusgarri dugu Historiaurretik bertatik lekukotuta dagoen giza presentzia.
Lumentxa, Armintxe edo Santa Katalinako aztarnategietan, Goi Paleolitotik erromatarren garaira arteko arrastoak agertu dira, margo eta grabatu garrantzitsuak tartean. Gainera, I. mendetik V. mendera arteko erromatarren kokalekuen zantzuak ere azaldu dira herrian. Beraz, bada historiarik 1325. urtean Bizkaiko andere Maria Diaz Harokoak Lekeitiori hiri-gutuna eman aurretik ere.
Alabaina, ezin ukatu, hiribildu bihurtu zenetik azkartu egin zela gure herriaren martxa historikoa. Demografian, ekonomian, arkitekturan… hurrengo mendeetan, arlo guztietan jasan zuen garapen ikusgarria. Horren lekuko dira Erdi Arotik eta, batez ere, Aro Berritik iraun eta oraindik ikusgai ditugun eraikin eta monumentu erlijioso, militar zein zibilak: Dominiken komentua, Santa Maria eliza, harresia, dorretxe eta jauregiak, Udaletxea, Konpainiako eliza, gotorlekuak...
Betidanik itsasoari lotuta, Aro Berrian, Lekeitio Bizkaiko portu garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen, besteak beste, balea-ehizari, arrantza sektore zabalari eta ontzigintza industriari esker. Horrez gain, Lea ibaian burdinaren inguruko industria oparoa ezarri zen eta Lekeitiok paper garrantzitsua jokatu zuen sektore horretan ere.
Hainbat izan dira, ordutik, negozio handietan, armadan, itsasoz haraindiko bidaietan edo mota orotako ofizioetan ezagun egin diren lekeitiarrak ere. Beharbada, horietan ezagunenak Txatxu kontramaisua; Iñigo Artieta itsasgizon, armadore, merkatari eta militar ospetsua; edota Pedro Bernardo Villareal de Berriz jauntxo eta ingeniari aurre-ilustratua. Hala ere, arlo batean edo bestean nabarmendu diren hainbat seme-alaba utzi dizkigu herriak. Horietako asko, tamalez, gehienontzako ezezagunak.
XIX. eta XX. mendeetan, gutxika, itsas jardueretatik zerbitzu arlora igaroz joan zen Lekeitioko ekonomiaren ardatza. Zita enperatriza eta Espainiako Isabel II.a aitzindari, aristokraziaren opor leku bihurtu zen herria eta, horrekin batera, arkitektura bereziko gune turistiko. Zoritxarrez, mende horiek hainbat gerra ere ekarri zituzten, frantziarren okupazioa, gerra karlistak edo 1936ko gerra esaterako.
Baina, bere historia oparoaz gain, azpimarratzekoa da herritarrek bertako hizkera berezia gaur arte bizi-bizi mantendu izana ere. Herriko ohitura, ospakizun eta usadio zaharrekin batera, lekeitiarren nortasun eta kulturaren ardatz nagusietako bat da bertako euskara. Ezin aipatu gabe utzi, halaber, arlo horretan lan nekaezina burutu zuen R.M. Azkue ere Lekeitioko semea genuela.
Honenbestez, Lekeitioko historia eta ondareak aukera zabalak eskaintzen dizkigu Natur Zientziak, Gizarte Zientziak edo Euskara eta Literatura bezalako irakasgaiak osatu, aberastu, eta horietan herri ikuspegia txertatzeko.