Arteita dorrea (argazkia) ere XVI. mende hasierako PH dokumentuan aipatzen da. Harresitik kanpora zegoen kokatuta, Ateako zabalgunean, eta Portuko dorrea bezala ere ezaguna zen, bere jabearen ezizena Pedro Portukoa baitzen. Gaur egun leku berean dago oraindik, eta aurrealdean daukan armarria Arteita familiarena dela uste da, nahiz eta Urkiza, Yarza eta Zubietako familien armarriek ere antzeko ezaugarriak dituzten.
Dokumentuek diotenez, 1510. urte inguruan eraiki zen, nahiz eta gerora hainbat erreforma izan dituen. Bere aurrealdea errege-bidearen parean zegoen, esan bezala, harresietatik kanpo, eta beraz ez zuen hiribilduko urbanismora egokitu behar izan. Ziurrenik, ez zen inoiz defentsarako dorretxe bat izan, hain berantiarra izanda, eraiki zenerako jauregi funtzioak beteko zituen.