Antzorisko Santa Katalina ermita (argazkia I / argazkia II)
Ermita honi buruzko erreferentzia zaharrenak 1489. urtekoak dira. Inozentzia III.a aita santuaren bulda batean, Santa Katalinako kapilaua aipatzen da. Hala ere, ermitaren jatorria zaharragoa izan daiteke. Are gehiago, Arte Sakratuaren Elizbarrutiko Museoan erromaniko berantiarreko tailu bat dago, XIII. mende erdialdekoa. Tailu hori ferra-arkutxoekin apaindutako tronu batean eserita dagoen Kristo bat da, eta ermita horretakoa izan zen. Hori dela eta, badirudi ermita gutxienez mende horretakoa dela. Lekukotasunek diotenez, bando gerren garaian gotortu egin zuten ermita.
1735. urteko deskripzio anonimoak[1] dioenez, ermitak bere kapilautza izan zuen. 1489. urtean Martin Abad Abaroa izendatu zen kargu hau betetzeko, eta hil zenean, Nikolas Abad Arrietak ordezkatu zuen. Azken apaiz hori Santa Katalinako baselizatik Lekeitiora bidean hil zuen erasotzaile talde batek 1493. urtean. Baliteke bere omenezkoa izatea Santa Katalina pasealekuan gaur egun ikus daitekeen harrizko gurutzea.
Hain zaharra izanik ere, Santa Katalinako ermitak duela denbora asko galdu zuen hasieran zuen funtzio erlijiosoa. Badakigu, 1526. urtean Kontzejuaren esku geratu zela baseliza. Antzorisko lurmuturrean kokatuta, ermita horrek serora eta freilak bizi ziren etxea zuen aldamenean itsatsita, eta Antzoris muturreko lurrak bere menpe zeuden. Parrokiako Artxiboan jabego horretan sagardiak, gaztainadiak eta mahastiak zeudela aipatzen da. 1555. urtean lurren zati bat saltzen ahalegindu ziren, etekinik ateratzen ez ziotela eta. Baina, antza, ez zuen inork erosi nahi izan. XIX. mendean, Mendizabalen desamortizazio garaian, esku pribatuetara igaro zen.
Baselizak angeluzuzen itxurako oin-planoa dauka eta bere harrizko hormek harlanduzko ertzak dituzte. Teilatuak bi isurialde zituen, baina gaur egunean jausita dago. Bao bakarreko harlanduzko kanpai-horma bat ere bazuen. Baselizak sarrera bi ditu, bat ateburuan zabalduta, hego-ekialderantz ematen duen horman, eta haren gainean Santa Katalinaren irudia daukan horma-hobia dago. Beste sarrerak puntadun arku bat dauka eta hego-mendebaldeko horman dago. Horma horretan bertan mainela daukan leiho zorrotz bat dago. Ipar-ekialdean marraga bat dago. Baselizan gurtzen zen Santa Katalinaren irudia Pietataren Kristo Santuaren ermitara eraman zen.
[1] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.