Balea lehorreratu ostean, kirten luzeko aizkora eta aiztoekin ebakitzen ziren gantz xerra luzeak, ondoren, Kofradiako enkantean saltzeko. Enkante mahaia bi maiordomok, txalupetako patroiek eta notario batek osatzen zuten. Kandela bat pizten zen eta argiak iraun bitartean luzatzen zen enkantea.
Saldu ondoren labeetara eramaten zen. Labeak herritik aldenduta egoten ziren zerien kiratsa zela eta. Harrizko egitura zirkularrak ziren eta erdian galdarak izaten zituzten. Ternuan ere antzekoak eraiki zituzten, eta teila gorrizko aterpeak egiten zizkieten eguraldi txarretik babesteko. Gantz zatiak galdaretan egosten zituzten olio bihurtzeko. Gantza urtu ostean, olioa urez betetako beste galdara batzuetara isurtzen zuten zikinkeriak hondoan gera zitezen. Balea harrapatu, zatitu eta olioa atera arteko prozesuak bi edo hiru egun iraun zezakeen. Tamainaren arabera, balea batek ia ehun upel eman zitzakeen. Eta, upel bakoitzak egungo 6.000 euro inguru balio zezakeela kalkulatzen da.
Buztinezko ontziak eta tinak ere erabiltzen ziren olioa gordetzeko. 1998an Lekeition XVI. mendean funtzio horretarako erabili ziren hamabost bat ontzi agertu ziren Beheko kalean. 1,30-1,80 metrotako altuera eta 1,10-1,45 metrotako diametrokoa dute guztiek, hau da, 17.000 litro olio gordetzeko beste (argazkia I / argazkia II / argazkia III). Lekeitioko herriarentzat bakarrik izateko gehiegizko kopurua. Hori dela eta, badirudi kanpora eramango zutela ontzi horietan gordetakoaren zati bat. Hainbat dokumentuk erakusten dutenez, Maria Ortiz de Abaroa, Gartzia Uribe kapitainaren alarguna zen horien jabea, Lekeitioko familia dirudun bateko kidea[1]. Tina horietako batzuk Ateako lorategian daude ikusgai gaur egun eta beste batzuk Bilboko Arkeologi Museoan (argazkia).
Balearen gantzetik ateratako olioa argiketarako erabiltzen zen batez ere. Izan ere, argizaria baino askoz iraunkorragoa eta merkeagoa zen. Horrez gain, larruak zurratzeko ere erabiltzen zen. Baina olioaz gain, balearen haragia eta bizarrak ere prezio onean saltzen ziren. Bizarrak malguak eta gogorrak zirenez, hainbat erabilera izan zitzaketen, esaterako, emakumeentzako kortseak egiteko.
Herriz herri aldaketak izan zitezkeen arren, gutxi gorabehera honela gauzatzen zen irabazien banaketa: zati bat talaiariarentzat balea begiztatuz gero; bi haragi kintal lehen arpoia sartu zuenarentzat; hurrengo bost arpoilarientzat kintal bana haragi; eta xabalinalari bakoitzarentzat bost libera haragi. Horiei “abantaila” edo sari esaten zitzaien.
Balea handia zenean, berriz, hamar txalupak hartzen zuten parte “abantailen” banaketan. Lehen arpoia sartu zuenaren txaluparentzat, arpoilariarentzako ziren bi haragi kintalez gain, buru eta isats laurden bat izaten zen; eta buru eta isatsaren beste hiru laurdenak gainerako bederatzi txalupen artean banatzen ziren, beraien parte hartzearen garrantziaren arabera.
Harrapatutakoa balea-kumea zenean, lehen sei txalupen artean baino ez zen banatzen. Arestian aipatu bezala, Lekeition, mingainaren heren bat Elizarentzat izaten zen eta gainerakoaren dirua moilak konpontzeko. Elizak, heren horren truk, balea eta txalupak lehorrera igotzeko beharrezko eskulan gastuak eta materiala ordaindu behar zituen. Azpimarratu behar da, Santa Maria elizako erretaula gotikoa zerga horietatik lortutako diruari esker ordaindu ahal izan zela.
Baina “abantailen” banaketa hori ez zen ehizan izandako txikizioak ordaindu edo zaurituei kalte-ordainak eman orduko egiten. Kalte horiek baleatik ateratako irabazien zati batekin ordaintzen ziren, eta ihes eginez gero, Kofradiaren eginkizuna zen ordaintzea. Txikizioak ordaindu, eta “abantailak” eta mingaina banatu ostean, gainerakoa ehizan parte hartu zuten gainontzeko txalupen artean banatzen zen.
Materialez eta gizonez ondo hornitutako edozein txalupak parte har zezakeen ehizan. Itsasoan balea bat baino gehiago egonez gero, eta batek ihes eginez gero, ihes egindakoa ehizatzen saiatu zirenak ere parte hartzen zuten harrapatutakoaren irabazien banaketan.
Esan bezala, balea banatzeko modua ez zen bera izan garai eta herri guztietan, baina, txikikeria batzuk salbu, orokorrean antzekoa izaten zen. Adibidez, Getarian hiru zati egiten ziren balearekin: zati bat herriarentzat, moilak konpontzeko; beste bat txalupen jabeentzat, materiala eta txalupak beraienak zirelako; eta azken zatia eskifaiaren artean banatzen zen. Lehenago, hori bai, txikizioak ordaintzeko eta “abantailetarako” zen zatia kentzen zuten.
1499 eta 1707. urteen artean 81 balea harrapatu ziren Lekeition, hau da, bataz beste balea bat bi urteko. Ez dirudi kopuru handia denik, baina ziurrenik, bestelako arrantza moten gehigarri bezala hartuta garrantzitsua izan zen herriko ekonomiarentzat. Hala ere, azpimarratu behar da, benetan dirua mugitu zuena itsasoz haraindiko balea-ehiza izan zela. Hau da, batez ere Ternua eta Labradorreko uretan burutu zena (grafikoa) .
[1] Iturbe, A. 2014. “Beheko kaleko altxorra”. Kurik. Ate zulotik ikusten da Lekeitio. 1, 36. Lekeitio: Lekeitioko Udala.