Erdi Aroan ofizio gehienak belaunaldiz belaunaldi irakasten ziren. Gurasoek seme-alabei irakasten zieten nekazaritzan, abeltzaintzan edo etxeko negozioan jarduten; eta gremioen kasuan, ofizial eta maisuengandik jasotzen zuten jakituria ikasleek. Itsasoko lanbide xumeenen kasuan ere, antzekoa zen egoera. Arrantzaleak bere ondorengoari, eguneroko jardunaren bidez, irakasten zizkion arrantzaren inguruko jakintza teoriko eta praktikoak. Horrela, semeek euren aurrekoen lanbidea jasotzen zuten oinordetzan.
Modu hori itsasbazterreko arrantzari zegozkion jakintzak transmititzeko egokia zen, baina alturako itsasontzi-pilotua izan edo ozeanoz bestaldeko nabigazioan trebatu nahi zutenen kasuan kontua ezberdina zen. Ofizio horietan jakintza praktikoa baino askoz gehiago eskuratu behar zuten ikasleek.
Jakina da Errenazimenduan bibliografia zabala sortu zela nabigazioaren eta berau posible egiten duten diziplinen inguruan: matematika, astronomia, geografia eta abar. Alabaina, XV. mendetik aurrerako aurkikuntza berrien ondorioz itsasoa ozeano amaiezin bihurtzean, sustatuko dira benetan itsas zientziak.
Lekeitioko pilotuak, Behe Erdi Arotik gutxienez, Bizkaiko Golkoan, Atlantikoan, Baltikoan eta Mediterraneoan ibili ziren nabigatzen. Joan-etorri horietan egindako mila horiek guztiak, ziur aski, ahoz eta modu ez-arautuan jasotako jakintzei esker burutu ahal izan zituzten. Alabaina, XVII. eta XVIII. mendeen artean, aurre-ilustrazioaren sasoian, hiribilduan nautika ikasketak jarri ziren martxan. Horrela, 1735. urteko deskripzio anonimoak[1] Lekeitiotik ateratako pilotuen berri ematen digu:
“Sus habitadores son económicos y bien entendidos, algunos matemáticos y enseñan pilotage: Hay al presente sobre setenta pilotos que han estudiado en esta villa, navegando con mucho crédito en las armadas reales y navios de particulares”.
Izan ere, badakigu, Nautika Eskolan hainbat pertsonaia ezagun aritu zirela maisu lanetan: Agustin Ibañez de Renteria eta bere seme Jose Vicente; azken hori, Errege Armadako kapitaina izandakoa; Pedro Orisolo, Pedro Villarreal de Berriz edo Pablo Naval; eta beranduago, Pedro Zabala, Eusebio Azkue, Agustin Goya edo Jose Maria Ibarra. Gizon horietatik gehienak autodidaktak izan ziren, garaiko bibliografia bereganatu eta praktika eta akademia uztartzen saiatu zirenak. XVIII. mende hasieran, irakasleak borondatez aritzen ziren, eta ez zuten soldatarik jasotzen. 1722tik aurrera laurehun dukateko urteko soldata ezarri zitzaien.
Nautika ikasketen inguruan garatuz joan zen hausnarketarako eta estudiorako giroak hainbat erakunderen babesa izan zuen lehenago edo beranduago. Horien artean, aipatu behar dira, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Bilboko Kontsulatua, Arrantzaleen Kofradia edota Eliza bera. Izan ere, nautika ikasketak jesuiten ikastetxean burutu ziren garai batean, baita ordena hori erbesteratu ostean ere.
XVII. mendetik XVIII. mende amaierara arte, badirudi, nautika ikasketek ez zutela etenaldirik izan. Izan ere, itsas jarduerak puri-purian egon ziren mende horietan, eta horien eraginez, baita nabigazio ikasketak ere. Horrez gain, badakigu, 1783. urtetik aurrera, Lekeition ikasi ostean, Bilbon egiten zirela azterketak eta bertan jasotzen zela pilotu titulua ere, Bizkaiko Nautika Eskolan.
XIX. mende hasieratik 1840. urtera arte ez dakigu zer gertatu zen ikasketa horiekin, agirietan ez baitugu inolako daturik. Baliteke, aldi batez bertan behera geratu izana. Hala ere, 1861. urtean, nautika ikasketen berrantolaketa abiatu zuten Jose Javier Uribarren eta bere iloba Jose Luis Abaroak. Bi bankari horiek dirutza utzi zuten eraikin berria egin eta eskolak finantzatzeko. Lehenengoak, hil ostean, 232.000 erreal utzi zituen, eta bigarrenak, bere eta osabaren diruarekin, gaur egun ezagutzen dugun eraikina egin eta eskola berria fundatu zuen.
Horrela, gaur egun ezagutzen dugun Nautika Eskola eraiki, eta ikasketak martxan jarri ziren berriz. Eskola horrek 1958. urtera arte iraun zuen. Tarte horretan patronatu batek zuzendu zuen, eta ikasleak Bilboko Nautika Eskolako presidentea buru zuen epaimahaiak ebaluatzen zituen. Bertan ematen ziren irakasgaien artean, aritmetika, aljebra, geometria, trigonometria, kosmografia, pilotutza, geografia astronomikoa, fisika, hidrografia edo Espainiako historia aipatu behar dira. Bataz beste berrogehi ikasle izan zituen ikasturteko, eta eskola erreferentea izan zen Bizkaia osoan.
Azken urteak nahiko gorabeheratsuak izan ziren, estatuak nautika ikasketak zentralizatu nahi izan zituelako. Lekeitioko eskolak gogor borrokatu behar izan zuen bere horretan irauteko, baina gutxika eskumenak galduz joan zen. Esan bezala, 1958. urtean itxi zituen ateak, nahiz eta, honen ostean “Escuela Media y Libre de Pesca” zelakoak hartu zuen lekukoa. Ordura arte Nautika Eskolan aritutako maisu batzuk arrantzari buruzko eskola berri horretan jarraitu zuten 1969. urtera arte.
[1] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.