San Pedro Arrantzaleen Kofradia (argazkia)
Arrantzaleen Kofradia arrantza munduko langileek eratutako gremio elkartea zen. Erakunde horrek arrantzaren inguruko arlo guztietan esku hartzen zuen eta arrantzaleak eta euren familiak babestea zuen helburu. Lekeition, Kofradiaren lehen aipamen idatziak 1457. urtekoak dira. Bestalde, sektorea arautzeko asmoz idatzitako lehen ordenantzak, dakigunez, 1588. urtekoak dira eta Errege-erregina Katolikoek onetsi zituzten. Izan ere, Kofradiak hastapenetan Koroaren babesa jaso zuen beste hainbat erakunderekin izandako gatazketan.
Antolamenduari dagokionez, Kofradiak urtean behin batzar nagusia egiten zuen aurreko urteko ekonomia jarduera aztertu eta lan-urte berrirako agintariak edo maiordomoak aukeratzeko. Historian zehar bilerak leku ezberdinetan burutzen ziren. XVI. mende hasieran, hondartzan batzen ziren; XVII. mendean, San Juan Talako ermitan eta XIX. mende hasieratik aurrera Kofradiaren egoitzan bertan, egungo kofradia zaharrean. Urtean zehar burutu beharreko gainerako asanblada eta bilerak, ordea, maiordomoaren etxean egiten ziren.
Maiordomoa hainbat kontuz arduratzen zen, esaterako, gremioaren kudeaketa ekonomikoaz eta ordezkaritza juridikoa eramateaz, zergak biltzeaz, arrain salmenta zuzentzeaz eta abar. Horrez gain, ontzien porturatzea ere berak gidatzen zuen. Ardura horien truk maiordomoak 550 errealeko soldata jasotzen zuen, eta baita urteko arrantza irabazi guztien %1 ere. Mendeek aurrera egin ahala, ordainsaria aldatuz joan zen eta XIX. menderako 8.000 errealetara murriztu zen. Antzinako Erregimenaren hasierara arte bi maiordomo izan zituen Kofradiak, baina horren ondorioz sortzen ziren autoritate borrokak ikusita bakarra izatera igaro ziren.
1531. urtetik behinik behin, urtero ekainaren 30ean aukeratzen zen maiordomoa. Botere eskualdatze hau kaxarranka izeneko ospakizunaz irudikatzen zen, Kofradiako diru eta dokumentuak gordetzen zituen kaxa edo kutxa aurreko maiordomoaren etxetik berriaren etxera eramanez. Maiordomo izateko hainbat baldintza bete behar ziren, hala nola sasikoa ez izatea, apaiz edo elizgizonen semea ez izatea, katoliko zintzoa izatea eta abar. Hautaketa sistema nahiko berezia zen. Ontzi jabeek bakarrik parte har zezaketen maiordomoaren hautaketan. Jabe guztien artetik bakoitzak hautagai bat idazten zuen papertxo batean eta, behin papertxo guztiak kutxa batean sartuta, ume bati uzten zitzaion maiordomo berria izango zenaren izena ateratzeko zeregina. Azpimarratu behar da, XIX. mendean, bi emakumek izan zutela kargu hori Lekeitioko Arrantzaleen Kofradian. Azkenik, XX. mendera iritsi ahala, Kofradiako batzak eta presidenteak hartu zituzten aurretik maiordomoak zituen zereginak eta, beraz, kargua desagertu egin zen.
Maiordomoaz gain, Kofradiak bazituen langile gehiago ere. Horien artean, talaieroak, benteroak eta zeineroak nabarmendu behar dira. Izenak berak dioenez, talaieroak talaietan egoten ziren, ontziei eguraldien gorabeherez, eta arrain nahiz baleen mugimenduez ohartarazteko. Benteroek, berriz, arrainaren salmentaz eta erosleekin harremanak mantentzeaz arduratzen ziren.
Bestalde, zeineroek hainbat egiteko zituzten. Alde batetik, arrantza zuzentzen zuten zenbait seinaleren bidez: banderak astinduz, kea eginez edo farolen argia erabiliz. Bestetik, eguratsa aztertu ondoren, itsasora ateratzeko baldintzak betetzen ote ziren erabakitzen zuten. Ekaitza zetorrela sumatuz gero, Lekeitioko kaleak zeharkatzen zituzten, burdinazko muturra zeukaten makilak arrastaka eramanez arrantzaleei etxean gelditu behar zutela adierazteko. Ostera, giroa zalantzazkoa bazen, ontzi jabeekin biltzen ziren San Juan Talako ermitan. Egoera aztertu ondoren, bozketa bidez hartzen zuten erabakia. Ontzi jabe bakoitzak bere bozka atabaka izeneko kutxatxo batean sartzen zuen, eta gehiengoak zioena egiten zen. Azkenik, dei egitekoek jakinarazten zieten erabakia herritarrei.
Zeregin horiez gain, zeineroek bazuten beste egitekorik ere. Txalupen arpoi eta arrantza tresnak ikuskatzeaz arduratzen ziren. Lanabesak baldintza desegokietan izanez gero, balearen ehizako mozkinen banaketatik kanpo gera zitekeen ontzia. Horrez gain, arrantzaleak itsasoan zeudela ekaitza sortzen bazen, jarduera eteteko ahalmena zuten. Azkenik, Kofradiaren aginduren bati jaramonik egiten ez zien ontziei eguneko harrapaketa konfiskatzeko ahalmena ere bazuten zeineroek. Beraz, esan behar da, autoritate handiko kargua zela.
Baina Kofradiaren zeregin eta jarduera ekonomiko nagusia eguneroko arraina saltzea zen. Modu kolektiboan antolatzen zen salmenta, prezioak eta salmenta neurriak aurretiaz finkatuz. Arraina saldu ostean, maiordomoak igandero ontzi jabeekin biltzen ziren asteko irabaziak banatzeko. Irabaziak kalkulatzeko saltzerakoan lortutako bataz besteko salneurria biderkatzen zitzaion ontzi bakoitzak arrantzatutako kopuruari. Ondoren, ontzi jabeek beraien tripulazioari ordaintzen zieten ordaindu beharrekoa.
Prezioak arrantzaleei kalte egiteko bezain baxuak izatera irits ez zitezen, enkantean gutxieneko salneurria lortzen ez zuen arraina eskabetxegileen esku uzten zuen Kofradiak. Garai hartan, kontserba industria ere Kofradiaren monopolioa baitzen.
Kofradia beste hainbat egitekoz ere arduratzen zen. Hala, esaterako, arrantzale guztientzako karnata erosten zuen, arrantzale askorentzat ezinezkoa baitzen hain gastu handiari aurre egitea inolako laguntzarik gabe. Horrela, Kofradiak sarritan maileguak eskatu behar izaten zituen, bisigu sasoian edo beste aldi batzuetan ontziek karnata nahikoa izateko. Hori dela eta, ugariak izan ziren erakunde horrek izandako zorrak, ikusiko dugunez, urte batzuetan ekonomikoki benetan egoera txarra izateraino.
1766. urtean ordenantza berriak idatzi zituen Kofradiak, baina estatuak ez zituen ontzat eman. Esan behar da, politikari ilustratu eta liberalek ez zituztela gremioak begi onez ikusten, sektore jakin bat monopolizatzen zutenez, beraien ustetan, merkatu librearen aurkako erakundeak zirelako. Hain zuzen, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera, ikuspegi liberalak indarra hartu zuen Europa osoan eta gremioen egitura guztiak kolokan jarri ziren. Lekeition ere hainbat tirabira izan ziren urte horietan Kofradiaren eta herriko burgesiaren artean, talde bien arteko interes kontrajarriak azaleratuz. Azken horien helburua sektorea liberalizatzea zen, baina Kofradiak ez zion uko egin nahi ordura arte izandako monopolioari.
Hala ere, gutxika kanpoko portuetatik zetorren arraina salerosteko askatasuna ezartzen joan zen, eta kontserba industria liberalizatzeko urratsak ere eman ziren. Neurri horiek lehiakortasuna areagotzeaz batera, prezioak jaistea zekarten eta Kofradia aurka agertu zen hasieratik.
Arestian aipatu bezala, egoera kaxkar horri Kofradiak zuen zorpetze egoera gehitu zitzaion. Beharbada, garai guztien artean gogorrena, XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasiera izan ziren. Urte horietan Kofradiak bi proiektu handi eraman zituen aurrera. Batetik, egoitza berria egin zuen (argazkia), eskabetxe fabrika moduan erabiltzeko batik bat; eta bestetik, arrain freskoa garbitzeko ur eztiko garbitokia eraiki zen. Gastu horiez gain, XVIII. mendearen azken herenean, Kofradiak diru partida handiak bideratu behar izan zituen armadarako soldadu-bilketen ondorioz. Izan ere, herriko arrantzaleak gerrara joan behar ez izateko modu bakarra, beraien ordez joango ziren mertzenarioak ordaintzea zen. Gastu horiek guztiek eta monopolioaren galerak XIX. mende hasieran Kofradia guztiz zorpetuta eta itota egotea ekarri zuten.
Horrela, Kofradia desagertzeko presioa areagotuz joan zen. Hainbat saiakera egin zituzten Kofradia desegiteari begira. 1842an, esaterako, bere ekinbidea bertan behera uzteko eskatu zitzaion, baina honek bere hartan irautea lortu zuen. Hala ere, aurkako legediaren aurrean, forma ezberdinak hartu behar izan zituen erakundeak, elkarte bezala eratuz edo, azkenik, 1925. urtean, kooperatiba forma hartuz. Hortaz, zailtasunak zailtasun, eta forma juridikoa aldatu arren, azpimarratu behar da, gaur egunera arte irauten jakin duela Arrantzaleen Kofradiak (argazkia).