Irlako baseliza eta komentua: serorak eta frantziskotarrak (argazkia)
Jakina da Lekeitioko irlan baseliza eta komentu bat egon zirela, gaur egun aztarnak geratzen baitira oraindik (argazkia). Fundazio data ez dugu ezagutzen, baina aztarnak aztertu dituztenek lehen eraikina XV. mendean egin zela uste dute: harriboloak ageri dira oinarrian, eraikuntzako material ohikoa gotiko berantiarrean. Gainera, XVI. mendetik dokumentatuta dago. Bai 1549. urteko udal ordenantza batzuetan[1], eta baita 1586. urteko beste dokumentu batean ere. Azken horretan, ermita Santiago Abendaño gotzaindegiko ikuskariak bisitatu zuela aipatzen da, eta antza, itxuroso eta ondo hornituta aurkitu zuen eraikina, burutu beharreko eginkizunetarako prest. Ikuskari horrek bertako administrazioa zeraman serorari hiribilduko ospitalerako ohe bat uzteko eskatu zion, baselizan sobera baitzeuzkaten. Izan ere, ospitale txiki bat ere bazeukan ermitak, behartsu, gaixo eta erromesei laguntzeko.
Hain zuzen, XVI. mendean, irla eritasun kutsagarriak tratatzeko ospitale edo lazareto moduan ere erabili zuten. Ez derrigorrez lepra-etxe bezala, bestelako izurriteak ere izaten baitziren: izurrite beltza, kolera eta abar. Flandesen eta beste leku batzuetan hartzen zituzten gaixotasun horiek itsasgizonek, eta bertora heltzen zirenean, irlara bidaltzen zituzten. Badakigu Getarian ere funtzio bereko eraikin bat izan zela XVI. mendean. Han ere, ontzia aztertu eta zerbait sumatzen bazuten, irlara bidaltzen zituzten gaixoak.
Horrez gain, jakina da mende horretan, izurri beltzak hainbat aldiz erasan zuela Lekeitio. Gutxienez, 1525, 1526, 1547 eta 1578. urteetan izan ziren pestez kutsatutako kasuak herrian, eta azken urte horretan, 80 lagun inguru hil ziren. Kutsatutako asko San Nikolas irlara eraman omen zituzten, euren etxeak pintura gorriz markatu ostean. Gaixoak artatzeko Donostia eta Gasteiztik heldu ziren medikuak.
Ermitara bueltatuz, esan behar da, San Nikolas Barikoaren omenez eraiki zutela –honen adbokazioa–, eta badakigu baseliza sortu zenean, irlak berak ere santu horren izena hartu zuela. Hala ere, badirudi, uhartearen jatorrizko izena Garraitz izan zela.
Lehenago, irlaren tontorrean, Kurlutxun eta Lumentzan sua pizten ei zuten itsasotik zetozen ontziei bidea erakusteko. Eta, hipotesi bat baino ez den arren, baliteke hortik hartu izana Garraitz izena uharteak: “gar haitza” edo “garra darion haitza” adierazteko. Uhartearen jatorrizko toponimo hori galdu egin zen, San Nikolas izenak ordezkatu baitzuen XV. mendean. Hala ere, uhartea Garraitz izan zitekeela iradokitzen duten hainbat zantzu geratu dira. Bestek beste, badirudi uhartearen azpiko hondartzaren izenaren oinarrian Garraitz toponimoa dagoela: Karraspio < Garraspio[2] < *Garraspi < Garraxpe[3] < Gar+(h)aitz)+pe. Toponimo horiek Valle de Lersundik jaso zituen La Primitiva villa de Lequeitio (1977) lanean.
Aipatu dugun ospitaleaz gain, baseliza hark etxe bat zeukan aldamenean, administrazioaz arduratzen ziren freila edo serorentzako (irudia). Serora horiek eskritura publiko baten bitartez izendatzen ziren, eta eskritura hartan kabildo biak –Elizakoak eta Kontzejukoak–, emakumearen gurasoak eta emakumea bera agertzen ziren. 1578. urteko eskritura batean aipatzen denez, Sebastiana Likona hautatu zen urte hartan San Nikolas ermitaz arduratzeko. Neskato hori Martin Apallua eta Maria Ortiz Agirreren alaba zen.
Serorak edo freilak ermitaren eguneroko ardura zuten emakume-erlijiosoak ziren. Beraien zereginen artean zeuden, besteak beste, ermita garbi eta apain mantentzea, San Nikolasen argiontzia piztuta mantentzea, ondasunak administratzea edo kanpaiak jotzea. Kanpaia egunean hiru aldiz jo behar izaten zuten: egunsentian, eguerdian eta ilunabarrean; baita ermitako kofradia-kideren bat hiltzen zenean ere. Irlan bertan bizi ziren, eta debekatuta zuten gaua irlatik kanpo igarotzea.
Serora horien zereginak arautzeko asmoz, 1549. urtean, udal agintariek arestian aipatu ditugun ordenantzak argitaratu zituzten. Ordenantza horietan, besteak beste, serora postua lortzeko baldintzak –“sean hijas patrimoniales e naturales de la dicha villa”–; eraman beharreko janzkera –“que ninguna administradora ni freylla de las dichas casa en sus cabeças no pongan belos ni se vistan mantos ni otras ropas algunas de monjas ni beatas, salvo en sus cabeças pongan sus tocados conforme a la costumbre de esta villa e lo mismo agan en su vestir”–; eta bestelako arauak –“que las administradoras e freyllas de Sant Nicolás no anden ni pasen por el braço de mar descubiertas sus piernas e carnes, salvo por la puente e su camino real”– azaltzen dira.
Azpimarratzekoa da serora horiek orduko gizartean izan zuten garrantzia, emakume izan arren, gizonek gobernatutako mundu batean gailentzeko gai izan baitziren. Emakumeek komentuaren edo ezkontzaren artean hautatzea beste aukerarik ez zuten garaian, “hirugarren bide bat” garatzen jakin zuten. Serora izateak nolabaiteko autonomia eta askatasuna zekarren, senarraren aginduetatik aske. Horrela, markatutako gidoitik irten eta euren lekua egiten jakin zuten.
Nahiz eta, garai hartan, emakumea bizitza publikotik aldenduta egon, serorek muga hori hautsi eta ikusgarritasuna lortu zuten gizartean, espazio publikora salto eginez. Ermita eta eraikin erlijiosoak kudeatzeak, eta bizitza publikoan modu aktiboan parte hartzeak gizonen mailan jartzen zituen hein batean. Ez da ahaztu behar, hautatzeko prozesua bera ere publikoa izaten zela. Horrez gain, freilak serora-etxeak eta ospitaleak bezalako erakundeak sortu eta kudeatzeko gai izan ziren. Ezin uka daiteke, hortaz, euren funtzioak zirela-eta zeresana izan zutela garaiko gizartean, eta ez zirela oharkabean igaro.
Halaber, beraien lanbide eta zereginei zegokionez, serorek emakume eta gizonen artean zegoen muga zorrotza haustea lortu zuten. Emakumeei zegozkien zereginak burutzeaz gain –josi, garbitu eta abar–, ondasun eta erakundeen administrazioaz arduratu ziren, eta mailegu-emaile gisa, edo merkatari gisa ere aritu ziren. Arlo horretan ere serorak salbuespen bat izan ziren, gizonen lan-eremuan sartzeko gai izan baitziren.
Horrela, nolabaiteko prestigio eta autonomiaz gain, lanbide horrek euren gaitasunak garatzeko aukera eta etorkizunerako abagunea ere eskaintzen zien emakumeei. Hortik uler daiteke hainbat emakumek serora edo freila izateko erakutsitako gogo eta grina. Gainera, bizi baldintza onak eskaintzen zituen lanbideak.
Laburbilduz, esan daiteke, euren sasoirako emakume aurreratuak izan zirela. Bide ezberdinak ikusi, baloratu eta erabakiak hartzeko gai izan ziren, orduko emakumeen rolak hautsi eta aukera gehien eskaintzen zizkien bidea hautatuz. Senarraren edo komentuaren menpekotasunetik at, gizartean ikusgarritasuna eta nolabaiteko estatusa lortu zuten, berez gizonenak ziren zereginetan jardunez, eta erabakitzeko gaitasuna eta nolabaiteko autonomia lortuz.
Serorak alde batera utzita, esan behar da, 1617. urteko uztailaren 7an, Kontzejuko eta Elizako kabildoek irla, baseliza eta gainerako eraikinak Frantziskotar Errekoletoen Ordenaren esku utzi zituztela, bertan komentu bat sortzeko –2017an bostehun urte bete ziren– (kartela). Esleipen hori arautzen zuen agiria Clemente Puerto udal eskribauak idatzi zuen, eta bertan, aurretik zegoen ermita eta seroren etxeak nolakoak ziren deskribatzen dira. Frantziskotarren izenean, Ordena horretako Aita Fray Juan Solagurenek, Kantabriako probintzia ministroak, parte hartu zuen. Honela dio agiriak:
“Se aya de dar y se dé a la dicha Orden de la dicha Isla, con su hermita e Yglia, con tres altares, tres cálices de plata, albas, casulla y misales y con él demás aderezo de dezir misa, y con su coro y sacristia y a lado su cassa con su sala y dormitorio y su vodega, cozina y cavalleriza, todas cercadas de pared y piedra, y una campana en la iglesia y su lámpara de plata y tres misales y otras cossas de servicio del dicho Convento, que por su proligidad no van especificadas en esta escritura, según dcho, es, todo ello para que en la dicha Isla se funde y aya un Convento de Recoletos de la Orden de San Francisco y usen del dcho. puesto para todas aquellas cossas q. les pareciere útiles y convinientes para la fundación y conservación del dch. Covento y Frailes que en él hubiere (…)”[4].
Ikusten dugunez, baseliza edo ermitak hiru aldare zituen. Badakigu ordena ezarri aurretik bat San Nikolasena zela, eta beste bat San Sebastianena. Hirugarrenaren gaineko berririk ez dugu, baina Frantziskotarren Ordena ezartzean, baliteke San Frantziskok hartu izana toki hori. Ziurrenik, ordutik aurrera, Ordenaren santuak garrantzia hartu eta presbiterioa izango zuen.
Aldareez gain, ermitak korua, kanpaia, sakristia eta elizkizunak burutzeko beharrezko guztia zituen. Eraikin horren aldamenean, serorak bizi ziren eraikina zegoen; hots, egongela, logela, sotoa, sukaldea eta ukuilua zituen etxea. Azkenik, agiriak dioenez, eraikin multzo hori harresi batez inguratuta zegoen.
Azken urteetan, Atabaka eta Aranzadi elkarteek bultzaturiko ikerketa arkeologikoetan hainbat aztarna aurkitu dira 5.2.(5). Adituek diotenez, ermitaren oinplanoa angeluzuzena da (15,30x11,40m), eta hego-mendebaldekoa izan ezik, horma-atal gehienak mantendu egin dira. Oro har, ermita txarto kontserbatzen bada ere, aztarnetan hiru aldareetatik bi antzeman daitezke oraindik: aldare nagusia (1,10x2,40m), eta ebanjelioaren aldarea (1,16x2,22m). Epistolaren aldarea galdu egin da.
Ermitaren inguruan tankera eta tamaina ezberdinetako hormak ikus daitezke. Bakoitza zer den zehazteko ikerketa gehiago beharko diren arren, gainerako eraikinenak izan daitezkeela uste da: ortuarena, seroren etxearena, hilerriarena eta abar. Hasieran esan bezala, ermitaren oinarrian XV. mendekoak liratekeen ezaugarriak antzeman daitezke, baina goiko aldea geroagokoa da, XVII. mendekoa. Ziurrenik, frantziskotarrek eraiki zuten zati hori, eta ez dirudi oso ondo egina dagoenik. Horrez gain, erre egin zela ikusten da, harri erreak baitaude horman zehar.
1617. urteko agirian, hainbat baldintza ezarri zitzaizkion Frantziskotarren Ordenari. Ordura arte bezala, San Nikolas eta San Sebastianek jarraitu beharko zuten komentuko titular bezala –marinelen artean bereziki miretsiak ei ziren–; galarazita gelditzen zen bertan bizi ziren fraideez gain, beste inor lurperatzea komentuan –beraz, pentsa dezakegu komentuak bere kanposantua zeukala–; Ordena ezin zitekeen irlatik mugitu, ezta hiribilduko beste tokiren batean birkokatu ere; gainera, komentuan ezin izango zen Frantziskotarren Ordenakoa ez zen beste elizgizonik bizi.
Horrez gain, hiribilduko agintariak ez zeuden komentua eta bertako eraikinak berriztatzera edo berriak eraikitzera behartuta, eta fraideek komentua utziz gero, irla berriz ere Kontzejuaren esku geratuko zen. Amaitzeko, irla Ordenaren esku uzten bazen ere, Lekeitioren jurisdikziopean mantenduko zen, eta justizia kontuez udal agintariak arduratuko ziren.
Ez dago argi frantziskotarrak zergatik aukeratu zuten Lekeitioko uhartea. Jakina da komentu bat desegiten zutenean, leku elkorrean egon behar izaten zutela denbora batez, eta sasoi hartan, Izaroko komentua bertan behera utzi zuten. Baliteke horregatik etorri izana, baina ez dago batere argi. 1735. urteko deskripzio anonimoak[5] dioenez, Manso de Canillas fraide frantziskotarrak sortu zuen komentua, eta hil zenean bertan lurperatu zuten.
Frantziskotarren Ordena Frantzisko Asiskoak sortu zuen, 1209. urtean Egoitza Santuaren onespena lortu ondoren. Geroago, 1257-1274. urteen artean, San Buenaventura abadeak burutu zuen Ordenaren behin betiko eraketa. Eskeko Ordena hori erabateko apaltasunez bizitzeko asmoarekin sortu zen, eta pobreziaren inguruko eztabaida beti egon zen presente komunitatearen barruan. XIII. mendea amaitzerako, 1500 egoitza inguru zituzten Europa osoan zehar, eta Euskal Herrian ere finkatu ziren. 1580. urtean, Frantziskotar Ordenaren barruan, apaltasunean eta obserbazioan oinarritutako bizimoduaren alde zeudenek errekoletoak deituriko adarra sortu zuten. Horiexek izan ziren, hain zuzen, Lekeition finkatu zirenak.
Hala ere, urte gutxi iraun zuten frantziskotarrek uhartean. Izan ere, 1650. urtean, ur geza lortzeko zituzten zailtasunen eraginez, eta ekaitzek sortzen zizkieten arazoen ondorioz irla utzi zuten. Kontratuan aurreikusi bezala, bertako dependentziak Kontzejuaren eskuetara igaro ziren berriz ere. 1735. urteko deskripzio anonimoak dioenez, 1734. urtean, jausita zegoen teilatua konpondu eta berriz ireki zuten baseliza. Baina, azkenik, 1795. urtean, Konbentzio Gerraren testuinguruan, ermita eraitsi egin zen gudaroste frantziarrek base gisa erabil ez zezaten.
Aurretik, 1740 inguruan, Ordenak Lekeition zeuzkan gainerako ondasunak saldu egin ziren: mahasti batzuk, lurrak eta sotodun etxe bat. 1765. urtean, komentuan egondako zilarrezko kalizak, patenak eta ardo kupelak Santa Maria elizara lekualdatu ziren. Eraikina eraitsi ostean, San Juan Talako ermitara eraman ziren bertako San Nikolasen irudia eta harribitxidun armiarma-lanpara. Baina, 1978. urtean norbaitek ostu egin zituen.
[1] “Ordenanzas dispuestas el 3 de agosto de 1549 por los señores del Regimiento de la villa de Lekeitio (Bizkaia) para la honra, preeminencias y servicios de las ermitas de San Nicolás, Santa Catalina, Santa María Magdalena y el hospital de dicha villa, y dirección de las freilas y administradoras que fueren puestas por el Cabildo Eclesiástico y Regimiento como patronos de ella”. Sig.a R21-D07. Lekeitioko Udal Artxiboa.
[2] 1780. urteko Kofradiaren eskuizkribu batean “Garraspio” bezala izendatzen da hondartza.
[3] “Garraxpe” izenez ezagutzen zen Karraspio hondartzaren gaineko magala.
[4] Urkiza, V. 1985. Iglesia parroquial de Santa María de Lequeitio. Bilbao: Caja de Ahorros de Vizcaína, Departamento Cultural: 165-166.
[5] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.