Saltatu nabigazioa

3.2.3.- Nukleo erromatarren ezaugarriak

Gaurkoz, ezer gutxi esan dezakegu zehaztasunez erromatar nukleoaren urbanismoaren gainean. Aipatu bezala, ez baita etxe edo eraikinik osorik agertu, ezta kaleren baten ibilbidea dokumentatu ere. Nukleoaren hedadura zehatzaren berri ere ez dugu. Agertu diren aztarna eta eraikuntza materialetan oinarrituz, nukleoak aurre-planifikazio izan zuela, eta urbanismo argi eta antolatua zuela da segurtasunez esan dezakegun bakarra.

Garai hartako erromatar asentamenduak teorikoki oso geometrikoak ziren. Hiriaren ardatza bi kale nagusiek osatzen zuten gurutze forman: decumanus maximus eta cardus maximus. Horietatik abiatuz, kale txikiagoek –decumani eta cardi– modu paraleloan hiria bloke angeluzuzenetan banatzen zuten. Hala ere, praktikan hiri erromatarrak ez ziren hain geometrikoak izaten, eremuaren nolakotasunak eta beste ezaugarri batzuek baldintzatzen baitzuten hiri bakoitzaren egitura.

Lekeitioko zoru naturala kareharriz osatuta dago, eta eraikinak egiteko eremu bigun eta egokienak aprobetxatuko zituzten arren, ziurrenik, lurraren irregulartasunak baldintzatu egin zuen hiriaren egitura eta antolamendua. 

Hiriaren nukleoa, bi metro lodi zen harresi batez eta lubaki batez babestuta zegoela uste da. Lau ate nagusiz osatuta legokeen harresi hark, defentsarako funtzio izateaz gain, erromatar zuzenbidea aplikatzen zen lur-eremua zehazteko balio zuen.

Kostaldeko hirietan ohikoa zen eran, baliteke foroa portuaren inguruan egotea. Gune horixe zen hiriaren benetako erdigunea. Negozioetarako, elkarrizketarako, erlijio kultuetarako eta harremanak egiteko tokia. Biztanleek eguneroko bizitza garatzen zuten lekua zen foroa, inguruan hainbat eraikin publiko biltzen zituena. Tenplua, justizia erakundeen egoitza, merkatua, termak eta abar. Azken horiek funtzio garrantzitsua izan zuten, maila guztietako jendearen elkargune ohikoena baitziren.

Kontu horiez gain, badira argitzeko falta diren beste hainbat ere. Nekropoliaren kokalekua, edo arlo sozialari dagokionez, adibidez, erromatar eta indigenen arteko harremanak nolakoak izan ziren.

Amaitzeko, hainbat hipotesi egin ditzakegu Lekeitioko asentamendu erromatarrak garai hartan bete zuen funtzioaren harira. Gertuen dagoen hurrengo asentamendua Forukoa dela jakinik, badirudi Lekeition zegoela eskualde honetako nukleorik garrantzitsuena. Horrela balitz, baliteke bere menpean territorium zabal bat eta bigarren mailako hainbat asentamendu eduki izana. Horien gaineko kontrol administratibo, politiko, fiskal nahiz militarra bere esku legoke, eta bertan leudeke kargu politikoak, eta batzar nahiz kultu ofizialerako tokiak.

Bestetik, suposa daiteke hainbat arrazoi ekonomiko egon zirela fundazio horren atzean. Itsaslabarrez betetako kostalde honetan, Lea ibaiaren badiak erromatar ontziak babesteko leku ezin hobea eskaintzen du, eta ibaiak berak barnealdera sartzeko aukera dakar. Inguruko aberastasunei erreparatuz gero, pentsa daiteke, batez ere burdin harria eta Ereñoko marmola esportatuko zirela. Ikusi dugunez, lehengai horien ustiaketak bere goraldia izan zuen II. mende erdialdean.

Baina nukleo barnean gauzatutako hainbat jarduerek ere eman diezagukete fundazioaren arrazoien berri, edo behinik behin, garai hartako bizimoduaren berri. Aztarnek erakusten dutenez, bi jarduera nagusienak metalgintza eta arrantza ziren.

Metalgintzari dagokionez, burdinazko objektuak –iltzeak, tatxetak, txapak eta euskarriak– eta Behe Inperio aldiko brontzezko lau txanpon azaldu dira. Horiez gain, aurkitutako zepa edo eskoria arrastoek ere metala lantzen zela erakusten dute. Hala ere, ez da labe edo antzekorik agertu.

Bestetik, garai hartako arrain eskama eta ornoak, ostra maskorrak eta abar ere azaldu dira. Arestian esan bezala, ekonomiaren oinarrietako bat itsasbazterreko arrantza izango zen. Baina gaurkoz, ez da Getarian edo Castron Urdialesen lekukotu diren moduko arrain kontserba faktoria edo cetaria-rik aurkitu.

 

 

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia