Saltatu nabigazioa

9.1.2.5.- Lexikoa

  1. Berba hauek erdaratik aspaldi hartutakoak dira, eta Lekeition eta mendebal osoan indar handia dute oraindik: abade `apaiz´, amata `itzali´, armosu `gosari´, asóka `merkatu´, berba `hitz´, berbéta `hizkera´, ganóra `fundamentu´, ixára `maindire´, karu `garesti´, garaun `ale´ kirikiño `triku´, kórta `ukuilu´, olgétan `jolasten´, ortu `baratz´, ortuári `barazki´, oste `ondoren´, pernill `urdaiazpiko´, piku `moko´, praka `galtza´, puxíka `maskuri´.

 

  1. Gainerako euskalkietan galdutako eta Lekeition eta mendebalean gordetako berbak dira hauek: argal `mehe´, bekóki `kopeta´, bidar `aldiz´, eruan `eraman´, gerispa `itzal´, a `hura´, ipiñi/imiñi `jarri´, bota, okela `haragi´, oratu `heldu´, orri `hosto´.

 

  1. Lekeition erabiltzen diren berba hauek, berriz, mendebalean sortutako berrikuntzak dira:
    1. Astegunak: martítzen, eguásten, éguen, barijáku, sapátu eta doméka. Euskara batuaren eraginez, ordea, gaur egungo gazteek txandaka eta nahastuta darabiltzate. Hala ere, igande eta larunbat ez dira erabiltzen.

    2. Hilabete izenak: seseil `otsail´, marti `martxo´, bagil `ekain´, garagarril `uztail´, semendi `azaro´ eta irail. Berba hauek, ordea, zaharrenek baino ez dituzte erabiltzen. Eta erabilienak marti eta seseil dira, gainerakoak ia desagertuta daude. Irail da salbuespena, euskara batuan ere horrela izanda guztiek erabiltzen dute eta. Lekeition, astegunen izenekin ez bezala, hilabete izenak erdaraz esateko ohitura handia egon da eta gazteek eskolan ikasitako formak baino ez dakizkite euskaraz.

    3. Nor, ser eta sein ez dira pluralean erabiltzen nórtzuk, sértzuk eta séintzuk baino.

    4. Bezala orokorragoaren ordez, legez eta modura/moduan erabiltzen dira.

    5. Bada mendebal guztian hedatuta dauden berba gehiago ere: abarkéta `espartina´, adur `lerde´, aleginddu `saiatu´, aittítta eta amúma, albo `aldamen´, amaittu `bukatu´, aratúste `inauteri´, ardi `arkakuso´, arin-arínga `lasterka´, artasíjak `guraizeak´, astíro `poliki´, atzamar `hatz´, biar `lan´, biargiñ `langile´, berakatz `baratxuri´, birrinju `zehatu´, birrittan `bi aldiz´, bitz `apar´, ei `omen´, eraiñ `arazi´, erpe `atzapar´, eskei `zintzilikatu´, gabon sar `urte zahar´, gatx `zail´ , garun `burmuin´, gatzatu `mami´, asbíxar `ermami´, urre `hurbil´, igarri `antzeman´, inddíar `indaba´, iretargi `ilargi´, itzal `berebizikoa´, ixéko `izeba´, jausi `erori´, lantzian beiñ `noizean behin´, lapíko `eltze´, itzulapíko `eltzeitsu´, lar/larréi `gehiegi´, lei `izotz´, neba `neskaren anaia´, odolóste `odolki´, okáran (gazt.) `ciruela´ eta `aran´, osatu `sendatu´, ostera `aldiz´ eta `buelta´, otzára `saski´, papar `bular´, pista `makar´, sama `eztarri´, lepo `bizkar´, sarri `maiz´, txarto `gaizki´, uar `herdoil´, uesába `jabe´, urten `atera´, sarata `oihu´, sélan `nola´, selako `nolako´, kokot (gazt.) `cuello´, tirriñ eta sil `zilbor.´

    6. Mendebal sortaldeko berba asko ere badaude, sartaldean ez daudenak (sartaldea / sortaldea hurrenkera): iñetasi / txíngor, aditu / beittu, aitaxe eta amaxe / aittañarréba eta amañarréba, aitue / aittítta, aramu / parasma, araso / eraiñ, arean / pískat, arrakada / belarrittáko, arrasti / arratzalde, artes / susen, ausika / sáunka, buskantz / odolósta, ebatzi / erabagi, enbra / andrasko, etxa / bota, etzilimo / etzikarámu, espabere / ostantzian, firu / ari, garo / iruntz, gernu / txixa, txirritxirri / kirkill, hurrean / kóntixu, ilen / astélen, indabak / bábak, jagon / sainddu, justuri / oiñestu edo tximista, kadera / anka, kiketz / sotin, kirikolatz / kirikiño, kodaina / sega, koxi / artun, laskitu / lorrinddu, leba / ardura, lotu / geldittu, luki / aséri, ostendu / gorde, pato / paitta, sein / ume, suete / eskatz, sunda / atz, taiu / ganóra, troñu / morapíllo, tu / txistu, ulertu / aittu, urresuri / sidar, usiki / áinka

    7. Bertako berba berezi asko ere badaude Lekeition. Hala ere, batzuk osasun hobea dute eta beste batzuk galtzeko zorian daude. Orain dela hamar urte, herritar talde batek egindako biltze lanari esker, argitaratu ziren bost liburukitan:

Itsas munduan erabilitakoak:

  • Atesuan egon: Itsasontzia lehorrera lotzen duen soka tentsioan dagoenean. 2. Pertsona estu dagoenean.

  • Apatx: mejiloia.

  • Arrankilla: Aingura.

  • Arranégi: Arrain denda.

  • Atoian eruan: Itsasontzi batek beste bat erremolkean eramatea.

  • Baláunka ibili: Itsasontzia alde batetik bestera dabilenean.

  • Batel: Txalupa txikia.

  • Bóga: Arraun egin. 2. Haitz arteko arrain zuria.

  • Deslai ibilli: Noraezean ibili.

  • Despíska: Sare bitartean harrapatutako arrainak askatzea, antxoak batez ere.

  • Dzánga eiñ: Uretara buruz behera salto egitea.

  • Dzangada: Uretara buruz behera egiten den saltoa.

  • Dzapart: 1. Uretara hankaz behera salto egitea. 2. Norbaiti edo zerbaiti gainera salto egitea.

  • Dzapartada: Norbaiti edo zerbaiti gainera egiten zaion saltoa.

  • Dzíngo: Uraren sakonera.

  • Estrepo: Arrauna toletari eusteko erabiltzen den sokaren forma.

  • Gangill: Garabia duen plataforma antzeko bat portuetan sakoneko harri eta lokatza ateratzeko erabiltzen dena.

  • Iuta: Pita.

  • Maluta: 1. Arrainetako engainu mota bat, gehien bat atunetarako. 2. Neska ederra.

  • Manu ipiñi: Soka nasai jartzea.

  • Oreka: Egoera bat da, itsasontzia geldi-geldirik dagoenean.

  • Palt eiñ: Haria edo iuta apurtzea.

  • Paparróiak: Gizonezkoen bainujantzia.

  • Tiraiña: Korrontea.

  • Tosta: Bateletako jesarlekuak.

  • Tostárte: Tosten arteko hutsunea.

  • Traiñ: Antxoa harrapatzeko sare mota bat.

  • Traiña bota: Ligatzea, gustuko duzunarengana hurreratzea.

  • Tretza: Amu askotako pita.

  • Treotzára: Karnatadun amuak eramateko otzara.

  • Tuntuxa: 1. Piten soka batzeko buia mota bat. 2. Haurdun daudenean emakumeek daukaten tripa handia.

  • Txitxiñ: 1. Antxoa txikia. 2. Gutxi garatu edo hazitako mutil edo neska. 3. Zakila (lagunartekoa).

  • Txo: 1. Itsasontziko mutil txikiena. 2. Edozein mutil.

  • U(g)era: Itsasontziak edo hegazkinak itsasoan uzten duten arrastoa.

  • Singan eiñ: Arraunean egiteko modu bat.

Eguraldiarekin lotutakoak:

  • Atze: Ondorio.

  • Bage: Itsasoaren egoera zakar bat. 2. Azpiko itsasoa.

  • Beláixe: Gauza bat esan eta beste bat egiten duenak daukana.

  • Euri-siríña: Zirimiria.

  • Galarrena: Enbata.

  • Gangarabia: Hotzaren eraginez erreketan sortzen den lurruna.

  • Katxoi: Olatuaren gailur zuria.

  • Erriko aixe/errekáixea/andráixea: 1. Hegoaldetik datorren haizea. 2. Zoramena.

  • Iparráixe/iparra/lesta: Ekialdeko haizea (Lekeition iparra ekialdeari deitzen zitzaion).

  • Iruntz: Ihintza.

  • Kanpáixe: Iparraldetik datorren haizea.

  • Lei: Hotzaren eraginez belarra zuritzen denean dagoena.

  • Mendebala/gallegoáixe/noresteko aixe: Haize mota bat.

  • Terral: Lei antzekoa.

  • Traganárru: Ur zirimola, haizeak egiten duena.

 

Irainak:

  • Báspadako: Etika edo moral gutxiko, fama txarreko.

  • Bragetérre: Inor zirikatzen dabilena.

  • Drogoso: Nahastea, eztabaida edo borroka gustuko dituena.

  • Etxekálte: Gauzak etxekoen kalterako egiten dituena.

  • Gijabako: Buru bako, juizio bako.

  • Guaríno: Egun baten gauza bat eta hurrengoan beste bat egiten duena.

  • Kanpoéder: Etxetik kanpora zoragarria dena eta etxean guztiz kontrakoa.

  • Kardai: Arrain zantarra, jateko ez duena balio. 2. Zorte txarreko pertsona, zorte txarra ekartzen duena.

  • Miskiño: Gutxi jaten duena.

  • Mosumérke: Muxuak erraz ematen dituena.

  • Oskill: Ekina, zitala. 2. Epela, biguna izaeraz.

  • Perloi: Adurra dariola edukitzen duen pertsona.

  • Pistérre: Begiak pistaz beterik dituena. 2. Begi txikiak dituena, betileak elkarren hurre.

  • Sintzórgo: Bihurri.

  • Sor: Mugimendu motelekoa, batez ere hanketan.

  • Taket: Kirolean txarra dena.

  • Tontoárro: Tontoa izan eta bestela jokatzen duena, jakintsua delakoan.

  • Txatxála: Ganorabakoa den emakumezkoa.

  • Txatxar: Txikia den pertsona, ezereza.

  • Txilibrísto: Tximuarena egiten ibiltzen den umea.

  • Txotxin: Buruarina.

  • Txotxinddu: Pertsona zaharrak burua galtzea, memoria moteldu.

  • Saspíki: Gauzak behar baino arinago egiten dituena.

  • Sirin: Geldirik egon ezin daitekeena

  • Sitzal: Oso ekina dena, jokoan, eztabaidan edo edozertan amore ematen ez duena.

 

Onomatopeikoak:

  • Bilin-baláunka: Buelta-bueltaka jausi.

  • Blaust eiñ: Bete-betean eta zabal-zabal jausi.

  • Drangadia: Tragoa.

  • Dzart eiñ: Aurpegikoa eman. 2. Kolpea hartu.

  • Dzartadia euki: Zoratuta egon, harrikada eduki.

  • Dzast eiñ: Punta zorrotza nonbait sartzen denean zauria eginez. 2. Larrutan egitea (lagunartean).

  • Dzi-dza: Arin.

  • Kakapirríja: Beherazkoa.

  • Mauta-máuta jan: Gogoz jatea, antsiaz.

  • Pal-pal: Itsasontzia astiro-astiro dabilenean.

  • Part bota: Zer edo zer mespretxuz botatzea.

  • Putxi-pútxi: Diru barik.

  • Teink eiñ: Tiratu.

  • Teinkada: Tirakada.

  • Dardarako: Flana.

  • Dindírri: Zintzilik dauden mukiak.

  • Dir-dar eiñ: Argi bat piztu eta itzali dabilenean esaten da; autoko argi intermitentea esaterako.

  • Jin-jáunka (dzin-dzáunka): Kolunpioa.

  • Dzin eiñ: Kolunpion ibili.

  • Dzirt-dzart eiñ: Erabaki bat hartzea, arre edo ixo egitea.

  • Fuit!: Ospa!.

  • Kirri-kárra: Birikiak zarratuta daudenean ateratzen den zarata.
  • Kirriskárra: Hortzak hortzekin igurtziz ateratako zarata.

  • Kirriskárro: Enararen antzeko txoria. 2. Buruarina den pertsona.

  • Kirriskáda: Kristalak apurtzerakoan ateratzen den zarata.

  • Kurik eiñ: “Kuku” egitea, momentutxo batean begiratu eta ezkutatzea.

  • Pitxian-pitxian: Sarri.

  • Pla-pla: Arraina frijitzeko era bat, irin eta arrautzarekin.

  • Plo-plo eon: Urak su txikitan irakitea.

  • Purrustílla: Burbuila.

  • Txas-txas eiñ: Txasta txasta egitea ogiarekin.

  • Turrit: Eskatutakoa eman nahi ez denean esaten da.

  • Txipi-txápa: Behatz puntetan ibiltzea.

  • Txiri-txára: Astiro.

  • Txortxorrean ibili: Kontu kontari ibiltzea.

  • Txurrunplina: Inoren isilean edatea.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia