Arbotanteak, pinakuluak eta gailurreriak (argazkia)
Eliza gotiko honen ezaugarri garrantzitsuenetakoak dira herriko enparantzatik ikus daitezkeen arbotante, pinakulu eta gailurreriak. Erdiko habearte altuaren eta albokoen arteko desnibela esanguratsua da, eta ederrak dira baleen hezurdura ikaragarria gogorarazten duten trazatu bikoitzeko arbotanteak ere. Euren balio plastikotik haratago, euren funtzio tektonikoa ere kontuan hartu behar dugu, arbotante horiek erdiko habeartearen bultzada kontrahormek jasan beharrean pilareek jasateko eraiki baitziren.
Batzuen zein besteen erremate gisa pinakulu piramidalak antzeman ditzakegu. Baina pinakulu guztiak ez dira berdinak, eraikuntza faseen arabera eredu ezberdinak jarraitu baitziren. Zaharrenak burualdeko ostikoei dagozkienak dira eta, sendoagoak izateaz gain, euren ertzak kako xumeekin daude apainduta. Gainerakoak finagoak dira eta figura dekorazioa dute, animalia errepertorio zabala –hegazti harrapariak, usoak, txerriak, erbiak, tximinoak, hartzak, orro egiten duten animalia izugarriak– eta burezur itxurako hosto fantasmagorikoak.
Hormetan gailentzen den gailurreriaren diseinua ere ez da batere uniformea. Burualdearen eremuan eredu arkaikoagoa nagusitzen da, tetralobuluak husten diren erronbo segidak dituena. Habeartean zehar eta mendebaldeko horman, berriz, vesica piscis enparejatuetan eta kontajarrietan oinarritutako ezaugarriak nagusitzen dira, gotikoaren azken faseko bereizgarri direnak. Azkenik, iparraldeko fatxadaren eta fatxada nagusiaren aldeko tarteetan arkutxo trilobulatu inbertituek bere karela errematatzen dute.